kultura
‘11 egun euskaraz’
85 entitate baino gehiagok atxikimendua eman diote Euskaraldiari
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herri osoko 350 herrik baino gehiagok eman dute izena euskararen erabilerari dagokionez herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen ariketan
Hainbat arlo profesionaletako 85 entitatek baino gehiagok atxikimendua erakutsi diote ‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ proiektuari. 350 herrik baino gehiagok eman dute izena euskararen erabilerari dagokionez herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen ariketan.
Euskaraldiari atxikimendua adierazi dioten 85 entitateetako 55 ordezkarik hartu dute parte gaur, ostegunarekin, Oihaneder Gasteizko Euskararen Etxean egindako ekitaldian.
“Euskaraldiak batu egingo gintuela esaten genuen, eta hemen dugu horren adibide garbi bat. Proiektu hau sustatzen ari gara euskararen lurralde guztietako erakunde publiko gehienok, euskararen aldeko gizarte ekimenari lotutako elkarte gehienak eta denetariko enpresa, elkarte eta entitateak ugari”, azpimarratu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordeak.
‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ ariketa soziala herritarrei bideratuta dago, baina erakundeen zeregina ere “funtsezkoa izango da inguru atseginak sortzeko”, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren esanetan.