kultura
Erriberrin
Vianako Printzea Saria jaso du Iruñeko Ganbera Abesbatzak
Agentziak | Erredakzioa
Abesbatzaren presidentea, Anne Miren Troyas, "harro" agertu da sariagatik, "gure bihotzetan betirako oso leku berezia izango duen" aitorpena.
-
Presidenta eta zuzendaria, sariarekin / EITB.
Iruñeko Ganbera Abesbatzak jaso du 2018ko Vianako Pritzea Saria, Nafarroako Gobernuaren kultura sari nagusiena, 72 urtean izandako konpromisoagatik musika garaikidearekin eta autore nafarrak sustatzeagatik.
Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek eman dio saria, Erriberriko Andre Maria Erreginaren elizan.
Abesbatzaren presidentea, Anne Miren Troyas, "harro" agertu da sariagatik, "gure bihotzetan betirako oso leku berezia izango duen" aitorpena.
Koruaren zuzendariak, David Galvez Pintadok, bere "emozioa" azpimarratu du, eta onartu du saria "zorabiatuta, emozionatuta, pozik eta urduri" jaso dutela.
Iruñeko Ganbara Abesbatzaren "ibilbide eta etorkizun paregabeak" nabarmendu ditu Barkosek, eta "Nafarroako musikarentzat luxuzko bozgorailua" dela esan du, 72 urtez, "kulturaren balioak bere gorenean" butzatu dituena.
Presidenteak abesbatzaren "ikasketaren eta ikerketa musikalaren aldeko apustua" eta "musika garaikidearekin izandako konpromisoa" goratu ditu.
Ekitaldia kontzertu batekin bukatu da, Erriberriko plazan. Bertan izan dira Nafarroako aginte nagusienak; tartean, Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez eta talde parlamentario guztietako ordezkariak, PPkoak izan ezik. Espainiako "Erregeen presentzia kendu izanagatik" joango ez zela esan zuen PPk.