Itxi

kultura

Ekimena

Santimamiñera eta Omara bisitak antolatu dituzte Bizkaian, Museoen Eguna ospatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Foru Aldundiak ohar batean jakinarazi duenez, hilabete osoan zehar antolatuko dituzte jarduera bereziak.

  • Santimamiñeko artxiboko argazkia

    Santimamiñeko artxiboko argazkia

Bizkaiak bat egingo du aurten ere Museoen eta Tokien Egunarekin. Hori dela eta, kultura ondarea bultzatzeko jarduera bereziak antolatu ditu Foru Aldundiak: Santimamiñeko kobazuloetara, Omako basora eta lurraldeko burdinoletara bisitak, besteak beste.

Bizkaiko Foru Aldundiak ohar batean azaldutakoaren arabera, apirilaren 18ko ospakizunaren leloa "Gure belaunaldientzat ondarea" da, eta hilabete osoan zehar aurreikusi dituzte jarduerak museoetan eta Bizkaiko foru kokalekuetan.

Apirilaren 21ean, adibidez, bisita gidatuak egingo dituzte Santimamiñeko kobazuloetan eta Omako basoan. Egun berean, Artxanda mendian ibilbide arkeologikoa egiteko aukera ere eskainiko dute. Horrez gain, Muñatones gazteluan argazkigintza tailerra antolatu dute haur eta gazteentzat, baita bisita gidatuak ere.

La Encartada fabrika-museoak, bere aldetik, ibilbide gidatua prestatu du apirilaren 22an, museoa, alde historiko monumentala eta Balmasedako gaztelua ezagutarazteko.

Barbaduneko burdinola eta errotetan barrena ibilbidea ere eskainiko dute apirilaren 28an, igandean, Pobaletik (Muskiz) abiatuta. La Ollako eremu ikusgarria ez ezik, eskualdean gaur egun lanean ari den errota bakarra ikusi ahal izango da, Galdameseko mahastietako txakolina dastatuz amaitzeko.

Azkenik, apirilaren 30ean, Iparraldeko ondare industriala ezagutzeko irteera egitea aurreikusi dute La Encartada fabrika-museoak eta El Pobal Burdinolak.