Itxi

kultura

Martxoak 28-apirilak 1

Basque Fest jaialdiak doako 200 plan baino gehiago eskainiko ditu Aste Santuan Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Martxoaren 28tik apirilaren 1era, gastronomia, musika, dantza, antzerki eta kirol erakustaldiak eta kale animazioa izango dira hirian zehar.

  • Xabi Solano trikitilaria (Esne Beltza), Argazkia: Gaizka Peñafiel.

    Xabi Solano trikitilariak bere disko berria aurkeztuko du jaialdian. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Basque Fest jaialdiak doako 200 proposamen baino gehiago eskainiko ditu Aste Santuan, martxoaren 28tik apirilaren 1era, Bilbon: gastronomia, musika, dantza, antzerkia, herri kirolak, kalejirak, euskal pilota eta kaleko animazioa izango dira.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute Basque Fest, eskualdeen, profesionalen elkarteen, enpresa pribatuen eta kultur eragileen parte hartzearekin.

Ekimenaren arduradunek astearte honetan, martxoak 20, iragarri dutenez, ?orain arteko programaziorik aberatsena? eskainiko du aurten Basque Festek, martxoaren 28tik apirilaren 1era. Bilbo ?euskal kulturaren hiriburua? izatea dute helburu, eta ?adin guztietako herritarrentzat? pentsatutako jarduerak eta proposamenak egongo dira.

Jaialdia hasteko, Manez eta Kobreak taldearen (Thierry Biscary Kalakaneko taldekide ohiaren proiektu berria) kontzertua egingo dute martxoaren 28an, Azkuna Zentroan. Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak antolatuko du, Bilbora gonbidatu baitute egitarauaren aurrerapena aurkeztera.

Halaber, Kepa Junkerak "FOK" disko berria aurkeztuko du martxoaren 30ean, eta Ruper Ordorikak (Azkuna Zentroa, martxoak 31, 22:00) eta Xabi Solanok (Plaza Barria, martxoak 29, 21:00) ere lan berriak aurkeztuko dituzte jaialdiaren baitan.

 


17 agertoki eta metro zerbitzu berezia

 

Basque Festek hiru espazio gehiago hartuko ditu aurten, San Anton zubia, Berreginen Museoa eta Erriberako merkatua, eta aurreko edizioetan izandako 14 agertokiei batuko zaizkio berrok: Txoko Gourmet karpa, Azkuna Zentroa, Plaza Barria, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegia, Bilborock, Pio Baroja pantalana, Martzana kalea, Martzana kaia, Artxanda, Areatzako Sport espazioa eta Ledesma, Villarias, Garcia Rivero eta Poza Lizentziatua kaleak.

Guztira, hiriko 342 merkatarik eta ostalaritza establezimenduk egin dute bat Basque Festekin, joan den urteko edizioan baino % 46 gehiagok. Metro Bilbaok 02.00ak arte luzatuko du zerbitzua martxoaren 29an, 30ean eta 31n.