Itxi

kultura

Zabaltzea

Guggenheimek zabaltzeko proiektuari ekin dio berriz, Gernika ingurua jomugan ipinita

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak baztertu dute museoa legegintzaldi honetan zehar, 2019a baino lehen, hedatzea, baina zentroaren arduradunak hainbat aukera aztertzen ari dira.

Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendaritzak museoa zabaltzeko egitasmoari heldu dio berriz, hamarkada honen hasieran krisiaren eraginez baztertu eta gero, eta Gernika inguruko hainbat kokaleku posible aztertzen ari da.

Bilboko erakustokiak berak berretsi du mugimendu hauek Gernika inguruan egiten ari direla, duela urte batzuk proposatutako kokalekua, Busturia-Sukarrieta, zokoratu eta gero.

Fundazioaren Patronatuak abenduan eginiko bileran onartu zuen Guggenheim hiriaren kanpoaldera zabaltzeko egitasmoa berriz martxan jartzea, eta proiektu hori 2018-2020 eperako Plan Estrategiko berrian sartu dute.

2019a baino lehenago

Nolanahi den, museoaren jabe diren euskal erakundeek (Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) baztertu dute zabaltze hori legegintzaldia bukatu aurretik, 2019a baino lehenago, egiteko aukera.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak adierazi du museoa zabaltzea ez dela “lehentasuna” eta mugimenduon berri prentsaren bitartez jakin duela. Muñozen esanetan, Jaurlaritzaren lehentasunak dira “krisiaren ondorioak arintzea eta euskal kultura ekosistema indartzea”.

Guggenheimetik azaldu dutenez, bestalde, Vidarte zuzendaria hainbat egoitza posible bisitatzen hasi da, eta otsailetik hiru tokitan egon da, museoa zabaltzeari ekitea datorren legegintzaldian erabakiz gero prest egoteko: Dalia mahai tresnen fabrika (itxita dago eta 18.000 metro koadro ditu), Muruetako ontziola eta Urbietako futbol zelaia, Gernikako Itsasadarraren ertzean.

Guggenheim Bilbao Museoaren ordezkariek azpimarratu dutenez, Plan Estrategikoaren puntu horren garapen maila “oso-oso txikia da”, hastapenetan dago, eta gogora ekarri dute proiektu hori abian jartzeko “adostasun maila oso handia eta erakundeen babesa” behar dela, eta “une honetan ez gaude puntu horretan”.