Albisteak
Kultura Saila
Etxepare Instituaren aurrekontuak % 126 egingo du gora
Erredakzioa
EITBk 144,1 milioi euro izango ditu, 2010ean baino % 3,9 gutxiago. HABEri eskainitako zenbatekoa bere horretan mantenduko du Kulturak, ''erakundeak dituen egitura-arazo larriak gainditzeko asmoz''.
Blanca Urgell Kultura sailburuak Legebiltzarrean aurkeztu du gaur Kultura Sailak 2011rako egin duen aurrekontua. Guztira 285,2 milioi euro izango dira, 2010ean baino % 3,9 gutxiago.
Etxepare Institutuak 2,8 milioi euro eramango ditu, 2010ean baino % 126,4 gehiago. Horri esker, erakunde bera ezarri eta bere plan estrategikoak garatu ahal izango dira, Urgellen esanetan.
Hizkuntza politika
Hizkuntza politikak 53 milioi euroko aurrekontua izango du, eta kopuru horri neurri bereziei dagozkien 2,2 milioi euroak ere gehitu behar zaizkio. Guztira, % 1,91ko gehitzea dakar, 2010 honekin alderatuta.
Kultura Sailak HABEri egiten dion ekarpena bere horretan mantenduko da (30,7 milioi euro). Sailburuak berak adierazi duenez, ''''erakundeak gaur egun dituen egitura-arazo larriak eta kolapso arriskua gainditzeko asmoz'''' mantentzen da ekarpena bere horretan.
EITB
Bestalde, 144,1 milioi euro izango ditu aurten EITBk, 2010ean baino % 3,9 gutxiago. Sailburuaren hitzetan, EITBren kudeaketaren eraginkortasuna hobetu egingo da, gastua murrizteko eta produktu eta zerbitzuen salmentaren bidez diru-sarrerak handitzeko programa baten bidez.