Itxi

Albisteak

Donostian

Etxepare Institutuak ateak zabaldu ditu

Erredakzioa

Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Aizpea Goenaga Institutuko zuzendariak egoitza berria eta etorkizuneko proiektuak aurkeztu dituzte.

Donostiako Prim kalean kokatutako egoitza berria ireki du Etxepare Euskal Institutuak. Honekin batera, irudi berria estreinatu du euskal kulturaren eta hizkuntzaren sustapenerako erakundeak: "e" bat, Etxepare eta euskara hitzen lehenengo hizkia, ia a bildu batean bihurtuta, "mundura zabaltzen den euskal kulturaren sinbolo modura".

Komunikabideen aurrean eskainitako prentsaurrekoan, erakunde honen asmoa euskal kulturaren sustapenari bultzada berri bat ematea dela adierazi du Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, "euskararen eta euskal kulturaren irudi erreala, modernoa eta oso bat eskainiz, ideologiak gaindituz".

Horren harira dator Etxepare Institutuaren leloa, "Euskara jalgi hadi plazara, Euskara jalgi hadi mundura", 1945. urtean Bernart Etxeparek berak jasotako esaldia. Etxepare Instituaren irekierak idazle honen aldarrikapen bat egi bihurtuko duela azaldu du Urgellek.

Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eskertu die "Institutuaren helburuen alde lehen lan egin dutenei", baina "norabide berria jarraitzeko eta bide berriak zabaltzeko" asmoa aditzera eman du.

Zentro berriak ekoizpen kultural osoa barneratuko duela azpimarratu du Goenagak, euskarazkoa, gaztelaniazkoa, baita hizkuntzarik ez duena ere. Erakunde honek "euskara mintzatzen duten lurralde guztiekin harremanetan" dagoela azaldu du zuzendari berriak. Hori dela eta, Iparraldekoekin ere harremanetan jarri dira eta Nafarroako Foru Erkidegoarekin hitzarmenak lortu nahi dituzte, azken hau lortzea "zailagoa" bada ere.

"Atzerrian euskal hizkuntzaren eta kulturaren enbaxadore izango gara", esan du Goenagak. Honen harira, atzerriko eta tokiko erakundeen eta elkarteen kontaktu sare bat sortzen ari da Etxepare Institutua, Frantzian eta AEBetan bereziki, batera lan egiteko, akordioak berritzeko eta azoketan parte hartzeko. Esaterako, Frankfurteko Liburu Azokaren 62. edizioan parte hartu zuen erakundeak.

Zentzu honetan, Cervantes eta Ramon Llull Institutuekin lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituztela aurreratu dute. Bakarrik falta zaie sinatzeko data zehaztea.

Munduan zehar euskara ezagutzera emango duen kanpainia eta Fernando Bernuesek zuzendutako eta kultur adierazpen desberdinekin egindako ikuskizuna dira, besteak beste, etorkizunera begira prestatuko dituzten gainontzeko proiektuak.

Mundu mailan euskal hizkuntza eta kultura sustatzea du helburu Etxepare Institutuak, tartean, gaztelanierarekin Cervantes Institutuak eta katalanarekin Ramon Llull Institutuak egiten duen legez.