Itxi

kultura

Izendapena

Irene Larraza izango da Etxepare Institutuko zuzendari berria urtarriletik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

Miren Arzalluzen tokia beteko du, aurrerantzean Parisko Moda Museoaren zuzendaria izango baita Arzalluz.

  • Irene Larraza. Argazkia: Etxepare Institutua

    Irene Larraza. Argazkia: Etxepare Institutua

Irene Larraza izango da Etxepare Euskal Institutuko zuzendari berria 2018ko urtarriletik aurrera, Miren Arzalluzen lekukoa hartuta. Etxepare Euskal Institutuko Kulturaren Sustapenerako eta Hedapenerako arduraduna da gaur egun Larraza, eta Miren Arzalluzen kargua hartuko du, azken horrek Parisko moda museoa zuzenduko baitu aurrerantzean.

Irene Larrazak (Tolosa, 1970) erantzukizuneko postuak bete ditu komunikazioaren eta kultur kudeaketaren eremuetan, Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Komunikazio Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta ibilbide luzea egin du kulturaren eremuan.

Hasiera batean, Herri Irratian esatari eta erredaktore lanetan aritu zen hiru urtez. Ondoren, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Sustapenerako eta Hedapenerako arduradun izan zen beste hiru urtez, eta zortzi urtez izan zen Syntorama musikarien ordezkaritza-agentziako Sustapenaren, Komunikazioaren eta Editorialaren arduradun. 2008 eta 2012 bitartean, Tolosako Udalean garatu zuen bere ibilbide profesionala Kulturako koordinatzaile eta zuzendari gisa.

2012az geroztik, Etxepare Euskal Institutuaren taldeko kide da Larraza. Bertan, Komunikazio arduraduna izan da, eta Kulturaren Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria da 2016ko azarotik.

Izendapen honekin, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak "jarraipena eman nahi dio duela urtebete Miren Arzalluzekin hasitako etapari, erakundea, herrialdearen kultur ehuna eta bere premiak sakonetik ezagutzen dituen pertsona honen bitartez, bere aurretik kargua bete zuenak abian jarritako proiektua ondo asko ezagutzen duela kontuan hartuta gainera", iturri horrek azpimarratu duenez.

enez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura
  • Albisteak