Albisteak
Europako Kultur hiriburu
Donostia 2016: epaimahaia 'txundituta', programaren kalitatearekin
Erredakzioa
Epaimahaikideek txosten batean jaso zutenez, Donostiako proiektuak ''elaborazio gehiago'' behar du, eta fase honetan aurrekontua sakonago lantzea aholkatu dute. Gaur kaleratu dute txosten hori.
Irailaren 30ean, Donostiak aurrera egin zuen 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko lehian. Beste bost hirirekin batera hautatu zuen epaimahaiak Gipuzkoako hiriburua. Orduan, programaren kalitatearekin txundituta geratu zen epaimahaia, eta horrela jaso zuen txosten batean. Txosten hori gaur eman du jakitera Kultura Ministerioak.
Bertan jasotzen denez, epaimahaiak aurkezpenaren originaltasuna goraipatu zuen, eta proiektuak ''''hiritarren gogoa behar bezala'''' jaso zuela azpimarratu. Era berean, indarkeria terroristari aurre egiteko hiritarren ahalegin arrakastatsua aipatu zuten epaimahaikideek.
Adituek oreka ikusten dute Donostiako aurrekontuan, baina bigarren fase honetan aurrekontua sakonago lantzea ere aholkatu dute.
Zuzendari artistikoaren programa ere orekatua omen da, eta hiritarren beharrei erantzuten die; baina oraindik, elaborazio gehiago beharko luke, epaimahaiaren ustez.
Sei hiri finalistek 2011ko apirilaren 22a baino lehen aurkeztu behar dute programa osorik, epaimahaiaren txosten honetan jasotzen diren irizpideei jarraituz.