kultura
Bilbon
Banatu dituzte 2017ko Euskadi Literatura Sariak
N.B. | eitb.eus
Arantxa Urretabizkaia, Asier Serrano, Fernando Aramburu, Leire Bilbao, Ander Izagirre, Mikel Valverde eta Matias Mugica dira aurtengo sarituak.
-
Euskadi LIteratura sariak 2017. Argazkia: Efe
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur, azaroaren 13an, arratsaldean, eman ditu 2017ko Euskadi Literatura Sariak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako ekitaldi batean.
Bilboko Azkuna Zentroan banatu dtuzte aurtengo Euskadi Literatura Sariak, zazpi modalitateetan.
Hauek dira aurtengo sarituetako batzuk: Arantxa Urretabizkaia (Euskarazko Saiakera, Bidean Ikasia), Asier Serrano (Euskarazko Literatura, Linbotarrak) eta Fernando Aramburu (Gaztelaniazko Literatura, Patria).
Gainerako irabazleak, berriz, beste hauek dira: Leire Bilbao (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura), Matias Mugica (Euskarazko Literatura Itzulpena), Ander Izagirre (Gaztelaniazko Saiakera) eta Mikel Valverde (Literatura Lanaren Ilustrazioa).
Euskarazko Saiakera saria
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazleak pil-pilean dagoen gai bati heldu dio Bidean Ikasia liburuan: Hondarribiko alardea.
Euskarazko Literatura saria
Asier Serrano (Eibar, 1975) idazleari eta Linbotarrak lanari dagokionez, epaimahaiak esan du egilea "sinbolo eta irudien berariazko sare bat ehunduz" doala olerkietan zehar, "bildumari batasun berezia eta izaera ahaltsua ematen diona".
Gaztelaniazko Literatura saria
Epaimahaiaren arabera, Patria Fernando Arambururen lanak "harritu egin gaitu, erakusten duen anbizioagatik eta azken berrogei urteotako euskal gizartea zehaztasun handiz irudikatzen duelako". "Eleberri honetan, Aramburuk narrazio-tresnak oso ongi ezagutzen dituela erakusten du; nahiz eta historiak pertsonaia ugari dituen eta urte askoko historia den, tramaren erritmoa arina da, eta familia protagonisten gaineko interesa ez da une batean ere ahultzen", horren esanetan.
Euskarazko haur eta gazte literatura saria
Leire Bilbao Ondarroan jaio zen, 1978an. Jolasa, irribarrea, irudimena, elkarren abaroa, denak dira aintzat hartzeko baloreak (ezinbestekoak, agian) haurrengana inguratzen garenean, eta horiek guztiak eskaintzen ditu liburu honek.
Ander Izagirre Donostian jaio zen, 1976an. Epaimahaiak Potosí liburua nabarmendu du haren prosaren kalitateagatik eta literatura-baliabideen erabilera egokiagatik; liburuan aparteko aberastasunaren eta pobrezia izugarrienaren mekanismoak daude. Potosí liburuan, indarkeria dago. Katearen amaieran meategian lan egitera sartzen den hamabi urteko neskato bat dago.
Literatura lanaren ilustrazioa
Mikel Valverde Gasteizen jaio zen, 1966an. Hizkuntza poetikora egokitzen diren ilustrazio freskoak egiten ditu, umore ukitu handia eman eta testuaren irakurketa paraleloak eskaintzen dituzten eszena txikiak sortuta. Hizkuntza propioaz eszenak sortzeko duen gaitasuna azpimarratu du epaimahaiak, testua alde batera utzita, pisten bidez bere hizkuntza propioa sortzen baitu.
Euskarazko literatura itzulpen saria
Matías Múgica Iruñean jaio zen, 1961ean. Epaimahaiaren ustez, Matías Múgicak jatorrizko testuaren oihartzun zintzoa dakarren itzulpena ondu du, 7+6 silabako zortzi bertso-lerroko ahapaldietan, jatorrizkoaren errima berdin-berdina bilatu beharraz testua eta edukia larregi eraldatu gabe, baina jatorrizkoaren doinua iradokitzen duen bulkada erritmikoa eskainiaz.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago jasoko ditu lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero.