Itxi

kultura

Bilbon

Euskal film laburren emanaldiarekin hasiko da ostiralean Zinebi

Agentziak | Erredakzioa

Lehiaketara aurkezten diren sei euskal film laburren emanaldiarekin hasiko da Zinebiren 59. edizioa.

  • Zinebiren 59. edizioaren kartela. EiTB

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ostiral honetan inauguratuko du 59. edizioa, lehiaketara aurkezten diren sei euskal film laburren emanaldiarekin.

Euskal film labur horietako zuzendariak ostegun goizean izan dira komunikabideen aurrean, Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariarekin batera. Del Rioren hitzetan, euskal zinemaren "bolada onaren erakusleihoa" izango da jaialdia.

62 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz: fikzioa (24), dokumentala (21) eta animazioa (17).

Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean, Espainiako 16 daude, eta horietako 6 euskal zinemagileek egin dituzte: Plagan, Koldo Almandoz (dokumentala); Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia), Aitor Gametxo (dokumentala); Lo-ibiltariak, Iñigo Salaberria (dokumentala); Areka, Begoña Vicario (animazioa); Aprieta, pero raramente ahoga, David Pérez Sañudo (fikzioa); eta Zacarias, Violeta Trincado (fikzioa).

Ostiralean bertan, Ohorezko Mikeldia emango diote Alberto Iglesias konposatzaile donostiarrari Arriaga antzokian, "mugitzen ari diren irudien esanahi dramatikoa indartzeko duen gaitasuna" omentzeko.

Bilboko Udalak antolatuta, Zinebik 98 herrialdetatik heldutako 3.183 film jaso ditu.

Aurtengo kartelak John Houston zinemagile estatubatuarra omentzen du, eta jaialdia azaroaren 17ra arte luzatuko da.

Euskal sei film laburren Sinopsia

Plágan, Koldo Almandoz (2017, 10 min, dokumentala).

Izurria: Latinezko plaga hitzetik dator, 'kolpea', 'zauria'. Esanahia: Espezie bereko izaki biziak bat-batean eta modu masiboan agertzea, animalia edo landare-populazioei kalte handiak sortuz. Kaltegarri den zerbait gehiegi egotea.

Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia), Aitor Gametxo (2017, 25 min, dokumentala).

Wroclaw muga gorabeheratsuak dituen hiria da, eta orain, beste hiri guztiak bezala, zarata eta doinuz betea. Gorrak zarata eta doinu horietatik at bizi dira. Halere, biztanle horiek eskuekin, gorputzarekin eta aurpegiarekin egiten dituzten mugimenduek bat egiten dute egunero hiriko erritmo haiekin.

Lo-ibiltariak, Iñigo Salaberria (2017, 15 min, dokumentala).

Sonanbulismoa loaren traba bat da. Hori jasaten dutenek mugimenduzko ekintzak egiten dituzte inkontziente dauden bitartean, eta ez dute komunikatzeko aukerarik. Gizabanako sonanbulu bat ohetik jaiki daiteke, oinez ibili eta etxetik joan ere bai.

Areka, Begoña Vicario (2017, 7 min, animazioa).

Euxeberi jaio aurretik hil zioten aita. Laurogei urteren buruan, azkenean, lurperatuta dagoen hobia aurkitu dute.

Aprieta, pero raramente ahoga, David Pérez Sañudo (2017, 15 min, fikzioa).

Sigfried txakur basatia da, eta, adierazitako jarraibideak bete ezean, errukigabea izan daiteke.

Zacarías, Violeta Trincado (2017, 13 min, fikzioa).

Zacarías eskaleak, gizon trajedun batek eta taxista batek trafiko istripu batean egingo dute topo, Zacaríasen heriotza eragingo duen istripuan, hain zuzen. Denboran atzera egin, eta garrantzirik gabeko xehetasun batek, tximeleta efektuak bezala, pertsonaien patuak aldatuko ditu.