Albisteak
"Herritarren energia"
Donostiak 2016 Hautagaitza proiektua aurkeztu du Madrilen
Erredakzioa
Donostiako ordezkaritza "herritarren energia guztiaz" baliatu da Madrilen, eta epaimahaiko kideen txalo artean bukatu dute aurkezpena.
Donostiak 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko Hautagaitza proiektua aurkeztu du gaur Madrilgo Reina Sofia Museoan. Donostia 2016ko lau arduradunek eta bost herritarrek osatu dute ordezkaritza eta kultur proiektuaren azalpenak eman dituzte.
"Herritarren energia guztia" eraman du Madrilera Donostiako ordezkaritzak, azaldu dutenez. Proiektuaren berri emateaz gain, eszenaratze ikusgarria egin dute eta epaimahaiak egindako galderei erantzun diete. Epaimahaikoen txalo artean bukatu du Donostiako ordezakaritzak aurkezpena. Sei lagun espainiarrek eta zazpi europarrek osatu dute epaimahaia, guztiak kultur arlotik etorriak.
"16 hirik hartzen dute parte", gogoratu dute ordezkariek, baina hiriak aurrera jarraituko duela uste dute. Taldeak ilusio handiz itxarongo du orain emaitza, eta bien bitartean, "oso pozik eta harro gaude donostiar guztien ordezkari izateagatik".
Irailaren 30ean emango dute jakitera emaitza eta Europako Kultur Hiriburu izateko azken fasera Espainiako zein hiri pasako diren jakingo da. Hurrengo egunean, hautagaitzako ordezkariek agerraldia eskainiko dute, aurretiko hautaketa honen emaitzak baloratzeko.