Itxi

kultura

Nafarroa

Bertsolaritza kultura-intereseko ondasun izendatuko dute Nafarroan

Erredakzioa

Nafarroako Bertsozale Elkarteak egin du eskaera, eta Foru Gobernuak izapideak abiatu ditu jada.

  • Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazlea. Argazkia: EITB

    Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazlea. Argazkia: EITB

Nafarroako Gobernuak tramiteak hasi ditu bertsolaritza kultura-intereseko ondasun izendatzeko, ondasun ez-material gisa, Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak egindako proposamena aintzat hartuta. Izendapen horren ondorioz, bertsolaritzak Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako goreneko babes maila jasoko du.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, Kultura Zuzendaritza Nagusiak abiatu ditu jada bertsolaritza kultura-intereseko ondasun izendatzeko izapideak.

Eskaera horrekin batera, Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak dokumentazio ugari aurkeztu du, eta bertsolaritzari lotutako hainbat datu bildu ditu: alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartze maila, denboran zehar izan duen bilakaera, transmisio moduak eta bizirik irauteko gainditu behar izan dituen oztopoak.

Alfredo Asiain Nafarroako Kultura Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoak egindako txostenarekin osatu dute espedientea. Asiainek, etnolinguista aditua izaki, bertsolaritza aztertzeko eta Nafarroako kultura-ondare immaterial deklaratzeko arrunt elementu interesgarriak adierazi ditu.

Bertsolaritza da Nafarroan ongien gorde den eta azpimarragarriena den errepentismoa, eta hura babesteko neurriek saihestu beharko dute adierazpide honen fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna.

Bertsolaritza euskarazko bat-bateko kantu modalitate bat da. Bertsoak eta puntuak errimaz eta neurriz egiten dira, musika tresnen laguntzarik gabe. Ikuspegi historikoari dagokionez, XV. mendeko erreferentziaren bat izan bada ere, lehen dokumentu erregistroak XVIII. mendekoak dira.

Doinua, errima eta neurria dira bertsoaren alderdi teknikoak. Bertsoaren indarra balio poetikoan eta arrazoibidearen distiran daude. Sortzaileak, bertsolariak, mendeetan zehar kultura adierazpen hau bizirik mantendu duten eta belaunaldiz belaunali ahoz transmititu duten inprobisatzaileak dira. Bertsolaritzak duen bigarren funtsezko subjektua entzulea da, bertsolaritzaren zein-nahi modalitatetan eragile aktibo izaten dena.

Honekin batera, sei izango dira Nafarroako kultura-intereseko ondasun deklaraturiko elementuak: Lanzko inauteria (2009), Ituren eta Zubietako inauteria (2009), Hiru Behien Zerga (2011), Luzaideko bolantak (2012) eta Cortesko paloteadoa (2014).