kultura
Heriotza
Sam Shepard zendu da, 73 urte zituela
agentziak | erredakzioa
Alboko esklerosi amiotrofikoa pairatzen zuen, eta gaixotasun horrek eragindako arazoengatik hil da. Ospe handiko aktore, zuzendari eta dramagilea zen.
-
Argazkia: EFE
Sam Shepard aktore, dramagile eta zuzendaria hil zen aurreko ostegunean, 73 urterekin, pairatzen zuen alboko esklerosi amiotrofikoak eragindako zailtasunengatik, sendiak jakinarazi duenez.
The New York Times egunkariaren arabera, Shepard Kentuckyn (AEB) hil zen, han zuen etxean. Shepard Off Broadway mugimenduaren idazle nagusienetakoa izan zen. Mugimendu horrek antzezlan independenteak ekoizten ditu New Yorken.
Shepard Jessica Lange aktorearen bikotekidea izan zen, 27 urtez. 1979an, Pulitzer Saria jaso zuen Buried Child lanagatik, eta antzeztaldeko aktorerik onenaren Oscar saria jasotzeko izendatu zuten, The Right Stuff filmagatik.
Off Broadway mugimenduko kiderik nabarmenetakoa izan zen, eta bere belaunaldiko sortzailerik originaletakotzat hartu zuten, bereziki familia estatubatuarraren alderik ilunena eta senar-emazteen, anai-arreben eta amoranteen arteko nortasun arazoak islatzeko gaitasunagatik.
Gainera, Shepardek beste bi Pulitzer irabazi zituen True West eta Fool for Love lanengatik. Bi istorio horiek, gainera, Broadwayn ere antzeztu zituzten. Halaber, Paris, Texas filmaren gidoi txalotua egin zuen, beste gidoilari batekin batera.