Itxi

kultura

2017-2018 denboraldia

'Obabakoak' antzezlana estreinatuko du Arriaga Antzokiak

N.V. | eitb.eus

Bilboko antzokiak 2017-2018 denboraldia aurkeztu du, eta Calixto Bieito zuzendari artistikoak “askotarikoa, estimulagarria eta indarrez eta sormenez betea” izango dela esan du.

Calixto Bieito Arriaga Bilboko antzokiko zuzendari artistikoak eta Nekane Alonso Udaleko Kultura zinegotziak Arriagak 2017-2018 denboraldian, 2017ko abuztutik 2018ko ekainera, eskainiko dituen ikuskizunen programazio “berria, sormenez betea eta askotarikoa” aurkeztu dute gaur.

Horren baitan, Obabakoak Bernardo Atxagaren eleberri historikoaren moldaketa ekoitziko du Arriagak, Calixto Bieitok zuzendua eta euskaraz (urriaren 18tik 21era) eta gaztelaniaz (azaroaren 23tik 26ra) estreinatuko dena.

Bieitok bere gain hartu du literatur lan handi horren arnas poetikoa agertokira eramateko erronka: “Moldaketa libre honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzez betetako giza paisaiatzat agertzen dira. Konposizio poetikoa, ikustekoa eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure gorputz adarrekin”.

Gainera, 2018ko martxoaren 15etik 18ra, Hiru Emakume-Tres mujeres Mireia Gabilondok zuzendutako lana taularatuko du antzokiak euskaraz eta gaztelaniaz, beste ekoizpen propio bat.

Halaber, apirilaren 13an eta 14an, oso ikuskizun berezia eskainiko du Arriagak: Johannes-Passion oratorio eszenaratua, Parisko Theatre de Chateletekin batera ekoitzia. Denboraldia amaitzeko, 2018ko ekainaren 21ean eta 23an I hate music kontzertu-ikuskizun lirikoa eskainiko du, Leonard Bernstein konpositore estatubatuar bikainaren figurari eskainitakoa eta Ainhoa Artetak kantatua.

Antzerkia

Obabakoak lanaz gain, hogei antzezlan baino gehiago izango dira Arriagan, datorren denboraldian: Izar/Estrella Marie de Jong konpainia Jokin Oregiren zuzendaritzapean prestatzen ari den lan berria, Dublindarrak Joyceren lanaren antzerkirako moldaketa, Giltzadun etxea Tanttakaren lan berria, Miss Karaoke Oier Guillanen lana…

Gainera, Alfredo Sanzol, Helena Pimienta, Blanca Portillo edo Mario Gas zuzendarien antzezlanak gozatu ahalko dira, eta, besteak beste, Asier Etxeandia, Juan Echanove, Lluis Homar, Adriana Ozores eta Fernando Tejero aktoreen lana.

Dantza

Euskal dantza bi proposamenetan gauzatuko da Arriagaren hurrengo denboraldian: Zalakain azaroaren 11n eszenaratuko du Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen Argia konpainiak, Pio Barojaren eleberrian oinarrituta.

Bestalde, 2018ko urtarrilaren 7an Aukeran taldeak 20. urteurrena ospatzeko ikuskizuna aurkeztuko du.

Musika

Besteak beste, Jorge Drexler, Pasion Vega eta Izaro musikariak pasatuko dira Arriagako agertokitik, baita Joaquin Achucarro bilbotar pianista ere, 2018ko urtarrilaren 27an.

Gainera, apirilaren 29an, Oreka TX taldea izango da Bilboko antzokian, Tosta ikuskizunaren buru, eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak Luigi Cherubiniren lau ahotseko abesbatza mistorako eta orkestrarako Réquiem aurkeztuko dute maiatzaren 13an.

Sarrerak, uztailaren 7an

2017ko urritik 2018ko ekainera eskainiko duten programazioko ikuskizunetarako sarrerak uztailaren 7tik, ostiraletik, aurrera egongo dira ikus-entzuleen esku Arriagaren webgunean.