Itxi

kultura

Luzemetraia

Disneyren pelikula bat ostu eta erreskatea eskatu dute 'hacker' batzuek

Agentziak | Erredakzioa

Konpainiak ez duela filma berreskuratzeko erreskaterik ordainduko iragarri du Disneyko kontseilari delegatuak, eta Internet bidez zabalduko dutela mehatxatu dute pirata informatikoek.

  • Disneyren 'Pirates of the Caribbean' pelikularen kartela. Argazkia: Disney

    Disneyren 'Pirates of the Caribbean' pelikularen kartela. Argazkia: Disney

Hacker batzuek Disneyren pelikula bat ostu dute, eta Internet bidez film luze hori ez zabaltzeko erreskatea eskatu dute, Bob Iger Disneyko kontseilari delegatuak esan duenez.

Igerrek ez du zehaztu zein film ostu duten lapurrek, baina konpainiak ez duela pelikula berreskuratzeko erreskaterik ordainduko iragarri du. Dirua jaso ezean, pelikula horren zati bat Internet bidez zabalduko dutela mehatxatu dute pirata informatiko horiek.

Disney eta ikerlariak gertatutakoa argitzeko lanean jarri dira jada. Konpainia horrek Pirates of the Caribbean: Dead Men Tell No Tales eta Cars 3 filmak estreinatuko ditu datorren asteetan.

Disneyko kontseilari delegatuak azaldu duenez, pelikula ostu dutenek bitcoin bidez (diru digitala) ordaindu beharreko "diru mordoa" eskatu dute erreskate gisa, eta ordaintzen ez badute, film luzearen hasierako bost minutuak Sarean zabalduko dituztela mehatxatu dute.

Eskaera ekonomiko horri beraiek nahi bezala erantzun ezean, 20 minutuko tarteak argitaratuko dituzte pirata informatikoek, eskatutako diru guztia lortu arte.