kultura
Zuzeneko ikuskizunak
Kulturaren BEZa % 21etik % 10era jaitsiko da, zineman izan ezik
Agentziak |Erredakzioa
Kontzertuen, antzerkien, dantza-ikuskizunen edota zezenketen kasuan, % 21etik % 10era jaitsiko da BEZa. Alabaina, 2012an baino bi puntu gorago egongo da.
-
Gatibu, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EiTB
2012an kulturaren gaineko BEZa % 8tik % 21era igotzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, kulturako profesionalek eta oposizioko talde nagusienek neurri hori gogor kritikatu zuten arren. Ostiral honetan, zuzeneko ikuskizunen BEZa % 10era jaitsiko duela iragarri du Espainiako Ministro Kontseiluak. Oposizioak eta kulturako profesionalek “alaituta” agertu dira, baina zinema neurri horretatik kanpo geratzea kritikatu dute.
Lau urte eta erdi igaro dira Espainiako Gobernuak kulturaren BEZa % 11 igo zuenetik defizita murrizteko asmoz, baina kulturako profesionalek arlo horretako BEZa jaistea exijitu dute, etengabe.
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidenteak Diputatuen Kongresuan iragarri du Espainiako Gobernuak ostiral honetan onartuko duela neurri hori (PPren eta Ciudadanos arteko itunak jaso bezala). Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak erabaki hori baieztatu du arratsaldean.
Zehazki, zuzeneko ikuskizunei eragingo die neurri horrek (kontzertuak, antzerkiak, dantza-ikuskizunak edota zezenketak). Kasu horietan, % 21etik % 10era jaitsiko da BEZa, hau da, 2012an baino bi puntu gorago egongo da.
Ildo horretatik, jaitsiera horren bidez Espainiako Gobernuak zezenketei egingo die mesede gehien (2012an kulturaren BEZa igo aurretik % 18koa baitzen).
Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak ziurtatu duenez, “defizit helburua betetzean” izango da zinemaren BEZa jaisteko unea. Espainiako Gobernuak behin eta berriro erabili duen arrazoia da hori.
Fernando Benzo Espainiako Kultura idazkariak azaldu duenez, “egoera ekonomikoak jaitsiera gauzatzeko aukera ahalbidetu du azkenean”. “Espainiako Gobernuak emandako hitza betetzen duela erakusten du horrek. Kulturarentzat albiste izugarria da hori”, gaineratu du.
Jose Andres Torres Mora alderdikide sozialistarentzat, albiste hori “pozgarria” da, baina neurri horrek sektoreari eta ekonomiari kalte egin diola azpimarratu du. Hala, lau urtez kulturaren BEZa jaistea eskatu dutela esan du.
Eduardo Maura Unidos Podemoseko kideak ere pozez hartu du erabaki hori, baina zinemaz gain disken edota musika legez deskargatzeko sektoreak kanpo uzten dituela nabarmendu du.
Bestalde, “kulturako profesionalentzat eta, oro har, herritarrentzako lasaitasun neurria” dela esan du esan du Jose Miguel Fernandez Sastron SGAEko presidenteak. Alabaina, zinema neurri horretatik kanpo uztea kulturaren sektorearen garapenari eragiten diola eta atzerapauso bat dela esan du.