kultura
Heriotza
Hasier Etxeberria kazetari eta idazlea hil da
Kulturgintzarekin harreman estua izan du elgoibartar kazetari eta idazleak. “Sautrela” literatura saioa gidatu zuen, joan den urtean eritasunak pantailatik aldendu zuen arte.
Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria hil da gaur, eritasunak jota. Elgoibartarra kazetari eta idazle gisa jardun da bere bizitzan, kulturgintzarekin harreman estuan.
Kazetari senak gidatuta, Etxeberriak kazetaritza, euskara, gastronomia, artea eta komunikazioa, bere pasioetako batzuk, uztartu ditu, besteak beste, ETBko pantailan, eta, mende berriarekin batera, “Sautrela” literatura saioa gidatzen hasi zen, joan den urtean gaixotasunak pantailatik, "Letren Errepublikako tronutik", aldendu zuen arte.
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "Hasier aspaldiko lankide eta adiskideak ETBri egindako ekarria eta izandako konpromismoa azpimarratu nahi ditut une mingots hauetan. Ia ETBren sorreratik egin zuen bidea gurekin, eta arrasto bikaina eta berezia utzi digu".
Idazle gisa, narrazioak (“Ipuin ezberdinak eta erregalokoak”, “Karramarroaren aztarnak”…), eleberriak (“Arrainak ura baino”, “Eulien bazka”…) eta antzerkia (“Antso erregea”) idatzi ditu, baita “Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan” liburua ere, non Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandia luze eta zabal elkarrizketatu baitzituen.
ETBn 1983an hasi zen lanean, eta, besteak beste, "Zopa Haundi", "Arkupe", "Farenheit", "Beti Eskamak Kentzen", "Babel" , "Ez Dago Larrosarik", "Hizkamizka" eta "Euskaldunak" kultur saioetan jardun zen. 1999 urtetik "Sautrela" literatura saioaren zuzendari eta aurkezlea zen.
Azken urteetan, sare sozialetan ere aurkitu zuen adierazpidea: “Alua mundua” bloga sortu eta elikatu zuen, eta Zu Zeu euskal plataforma digitalaren sortzaileetakoa izan zen.