Itxi

kultura

Elkarrizketa

Itziar Lazkano: 'Lorcaren esku jakintsuak gidatu gaitu'

Natxo Velez | eitb.eus

Pabiloi 6 Bilboko espazioko Antzerki Laborategiak “La casa de Bernarda Alba” Federico Garcia Lorca idazlearen lan postumoaren bertsio berri bat estreinatuko du ostiral honetan, urtarrilak 20.

Pabiloi 6 Zorrotzaurre Bilboko auzoan, Itsasadarraren ertzean, dagoen espazioaren Antzerki Laborategiak beste ekarpen bat egin dio arte eszenikoen plazari, "La casa de Bernarda Alba" Federico Garcia Lorca andaluziar poeta eta antzerkigilearen lana taularatuz.

Itziar Lazkanoren zuzendaritzapean, Olatz Ganboa, Vene Herrero, Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara aktoreek hartuko dute bere gain Lorcaren testu itogarri eta artegagarri hau berritzeko lana, sei emanalditan (urtarrilak 20, 21 eta 22, eta 27, 28 eta 29), dagoeneko sarrerarik ez dagoela.

Lorca hil zutenetik 80 urte joan direla eta, egile eskubideen zamarik gabe murgildu ahal izan da Itziar Lazkano zuzendaria Lorcaren testuan, jabari publikokoak baitira dagoeneko haren lanak. "La casa de Bernarda Alba"n agerikoak dira parekotasunik eza, emakumeen aurkako indarkeria eta autoritateak berori onartzen duela, baita arbasoengandik jasotako kultura ereduek egoera bidegabe hori indartzen dutela.

Lazkanok berak azaldu digu Pabiloi 6ren antzezlan berri hau, eta Lorcaren antzerkigintza gerturatu digu, ondorengo elkarrizketan.

Patriarkatua, mendekotasuna, autoritarismoa, errepresioa eta indarkeria… Lorcak "La casa de Bernarda Alba" idatzi zuenetik 80 urte pasatu diren honetan, tamalez, ez dirudi gai horiek gaurkotasuna galdu dutenik…

Bai, zoritxarrez, kultura patriarkalak eutsi egin dio denboraren joanari, inork susmatuko ez zuen bezala. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako kultura berrikuntza bizi genuenok belaunaldi bat gelditzen zitzaiola pentsatzen genuen, baina tristea da ikustea XXI. mendean patriarkatuaren kultura paradigmek bizirik jarraitzen dutela.

Menderatzeko moduak aldatu dira, baina ondorioek emakumeen borondatea mugatzen jarraitzen dute. Borrokan jarraitzen dugu.

Zer nabarmenduko zenuke Lorcaren testuaz? Zertan da desberdina zuen bertsioa?

"La casa de Bernarda Alba" haren maisulana da. Horretan, hainbat urteko lanaren emaitza lortu zuen: poesia eta naturaltasuna uztartu, edertasuna sinesgarritasunarekin batu. Poesia hezurmamitua da, haren hitzak erabilita.

Gure bertsioak orpoz orpo jarraitu nahi dio Federicoren proposamenari, ez dugu uste klasiko honek ezer berririk behar duenik. Lorcaren esku jakintsuak gidatu gaitu, eta hari jarraitu diogu atsegin handiz.

Zergatik utzi du Lorcaren literaturak horren arrasto sakona? Zerk egiten du horren berezi andaluziar idazlea, zure ustez?

Era bateko edo besteko bereizkeria pairatu dutenei enpatiaz begiratzen die, begirada errukitsu, samur eta ulerkorra dauka. Herri xehearen hizkera miresten zuela eta herritar xumeen jakituria errespetatzen zuela ere azpimarratuko nuke.

Gainera, harrigarria da haren analisiaren zintzotasuna eta sakontasuna, eta bidegabekeriaren aurrean sumintzeko ausardia.

Neba Federico, eskerrik asko!

Pabellón 6

Olatz Ganboa, Vene Herrero, Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara aktoreekin lan egin duzu "La casa de Bernarda Alba"ren bertsio honetan. Istorio itogarri honi aktore horien interpretazioak eusten diola kontuan hartuta, nola egin duzu lan horiekin?

Aktoreek sortzeko duten sena ez oztopatzen saiatu naiz. Horregatik, nork bere askatasuna gara dezan antolatu dut lana, eta estilo guztiak uztartzeari begiratu diot.

Zuzentzea behatu eta akuilatzea da, beste ezer baino gehiago. Eurak dira sortzaileak.

2017an, jabari publikokoan izatera pasatu dira Lorcaren lanak. Zer erraztasun ematen dizue horrek sortzaileei?

Dagoeneko ez dugu itxaron behar senideek, eskubideen jabeek, baimena eman arte. Askotan, nahiko elitistak ziren, gainera, kontrol hori gauzatzeko orduan. Orain, Federico guztiona da, inoiz baino gehiago, eta horrek poztu egiten nau.

Zer-nolako kontrola egiten zuten haren lanen jabeek?

Jadanik ez dute horrelakorik egiten, baina, Lorcaren ondorengoak batik bat, oso zorrotzak ziren, bai arlo ekonomikoari bai lanerako eskatzen zuten inbertsioari dagokionez.

Bertsio hau Pabiloi 6ko Antzerki Laborategiak egin du. Zer da talde hori?

Pabiloi 6 aktoreen plataforma bat da, eta, berorretan, eurak dira beren lanpostuaren benetako jabeak.

Askatasun haize horrek, jakintsukeriarik gabeko naturaltasunak eta lan zintzoa egiteko beharkizunak publikoa erakarri du, eta aretoa sarri eta maiz beteta ikustera ohitu gaituzte.

Egia bilakatutako ametsa da, eta gure ahalegin guztia jarri eta txerak egingo dizkiogu etengabe, zaintzeko. Gora Pabiloi 6, eta urte askotarako!