kultura
Jaialdia
Zinegoakek genero identitate eta adierazpenari begiratu dio kartelean
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko LGTB Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren hamalaugarren edizioa otsailaren 20tik martxoaren 5era egingo dute.
-
Zinegoak 2017
Zinegoak jaialdiaren 14. edizioak genero identitate eta adierazpenari begiratu dio kartelean, horixe izango baita edizioko ardatzetako bat. Horrela, kartelaren protagonista ez da emakume edo gizon bat, muxe bat baizik.
Bilboko LGTB Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko kartelak beti egon dira sexu orientazioarekin edo transexualitatearekin lotuta, berorren arduradunek azaldu dutenez; aurtengoak, aldiz, genero identitatearekin eta genero adierazpenarekin du lotura, jaialdiaren helburuetako bat horrelako kontzeptuak publiko orokorrari helaraztea baita.
Aurkezpenean adierazi dutenez, kartelaren protagonista muxe bat da. Izan ere, Tehuantepec lurraldeko kulturak aspaldidanik onartzen du hirugarren genero hori bere gizartean; “ez dira emakumeak edo gizonezkoak baino hobeak edo txarragoak, ezberdinak dira, eta berezitasun propioak dituzte”, zehaztu dute.
Pau Guillen jaialdiko zuzendariaren esanetan, "gure inguruko herrialde askotan binarioak ez diren generoak onartzen dituzte modu ofizialean".
Karteletik haratago, Zinegoak jaialdiak genero aniztasunarekin lotutako hainbat gai landuko ditu aurtengo edizioan.
Zinegoak otsailaren 20tik martxoaren 5era egingo dute, eta Bilboko hainbat gune kultural (Bilborock, LaFundición, BBK Aretoa, Kafe Antzokia, BilbaoArte…) zinemaz, arte eszenikoez eta kulturaz beteko ditu.
Horrez gain, 2017ko edizioan, berritasun gisa, "Inundación" antzezlana ekoitziko dute, Magda de Santo argentinarraren zuzendaritzapean.