Itxi

kultura

Heriotza

John Berger britainiar idazlea hil da

Agentziak | Erredakzioa

Artista, literaturgile, saiogile, pintore eta gidoilaria 90 urte zituela zendu da etxean, Frantzian.

  • John Berger EFE

    John Berger idazlearen irudia. Argazkia: EFE.

John Berger britainiar idazle, historialari eta arte kritikaria atzo hil zen, Frantzian, 90 urte zituela. Bere belaunaldiko idazleen artean arrasto sakonena utzi duenetako bat izan da, eta Booker sari ospetsua irabazi zuen, “G” eleberriari esker.

Berger, pintore ere izandakoa, 1926ko azaroaren 5ean jaio zen, Londresen, eta, 1944 eta 1946 artean britainiar armadan jardun eta gero, Artea ikasi zuen jaioterrian, Central Schook of Arten eta Chelsea School of Arten.

1952an, “New Statesman” ezkertiar astekarian lanean hasi zen, eta humanismoaren eragina jaso zuen kritikari marxista nabarmenenetakoa bilakatu zen. 1972an, saio ospetsuena argitaratu zuen, “Ways of Seeing”, gerora BBCk telesail bat egiteko erabili zuena.

Berger gidoilari ere jardun zen, Alain Tanner suitzar zinemagilearen hainbat filmetan: “La Salamandre” (1971), “Jonas qui aura 25 ans en l'an 2000” (1975)…

Jean Mohr argazkilariarekin batera, “Another Way of Telling” teknika dokumentalari eta argazkilaritzaren teoriari buruzko lana argitaratu zuen.

Bergerrek eleberri batekin abiatu zuen idazle ibilbidea: “A painter of our time” 1956an idatzi eta, 1958an argitaratutakoan, hautsak harrotu zituen lana. “The Guardian” egunkariak eginiko elkarrizketa batean adierazi zuenez, “faxismotik errefuxiatutako pertsonekin izandako bizikidetzaz” dihardu eleberriak, “haiek Budapest, Berlin edo Vienari buruz kontatu behar dutenaz”.

Laurogeiko hamarkadan, “Into their labours” trilogian, landatar eremutik hirigunera aldatzeak eragin zuen aldaketa sozialean sakondu zuen.