Itxi

kultura

Bisitari kopurua

Bisitari asko 2016an, Guggenheimen eta Arte Ederren Museoan

Agentziak | Erredakzioa

Bisitari gehieneko urteetan bigarrena izan da historian bi museoentzat. Guggenheimek milioi bat pertsona baino gehiago hartu ditu zortzigarrenez, eta Arte Ederren Museoak ia 270.000.

2016a, joan berri den urtea, Bilboko bi museoa handiek, Guggenheimek eta Arte Ederren Museoak, inoiz izan duten urte onenetan bigarrena izan da bisitari kopuruari dagokionez. Guggenheimera 1.169.404 pertsona bertaratu dira, eta Arte Ederren Museora 269.978.

Zenbaki horiei esker, Guggenheimek 1998an soilik gainditu zuen bisitari kopurua hartu du, arte zentro horretatik ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Frank Gheryk diseinatutako eraikina zabalik egon zen lehen urte osoa izan zen hura.

Jatorriari dagokionez, aurreko urteetan bezala, gehienak (guztien %66) atzerritik etorritakoak izan dira, batik bat frantziarrak (%18), britainiarrak (%7), alemaniarrak (%6), estatubatuarrak (%6) eta italiarrak (%4).

Eskultura hiperrealista gako, Arte Ederren Museoan

Arte Ederren Museoaren arrakastaren atzetik eskultura hiperrealistari eskainitako erakusketa dago batik bat; izan ere, 152.669 pertsona joan ziren museora ikusgai egon zen bi hiletan.

Langileen grebaren ondorioz museoa hilabete eta erdiz itxita egon bazen ere, erakusketa hau inoiz museoaren historian bisitatutakoen artean laugarrena izan da, Antonio Lopezi (209.531), Boterori (166.646) eta Sorollari (154.009) eskainitakoen ostean.

2016. urtea, beraz, historiako bigarrena izan da museoarentzat, bisitari kopuruari dagokionez, 2012aren ondoren. Azken horretan, 295.655 pertsona hartu zituen Bilboko museoak, batez ere Antonio Lopez Mantxako artistaren pintura errealistak erakarrita.