Albisteak
Kultura hiriburua izateko
Zazpi euskal itsasargik 'gidatu'ko dute 'Donostia 2016' hautagaitza
Erredakzioa
Itsargi bakoitzak Gipuzkoako hiriburuaren kultur proiektuak lantzen duen gaietako bat irudikatuko du. Uztailaren 9an aurkeztuko dute ofizialki proiektua Kultura Ministerioan.
Uztailaren 9an aurkeztuko du Donostiak ofizialki 2016an Europako Kultura hiriburua izateko hauatagitzaren proiektua. Herritarren energian oinarritzen da Donostia 2016 hautagaitzaren proiektua, eta datorren hilean eramango dute Madrilgo Kultura Ministeriora. Iraila bukaeran egingo dute ahozko defentsa, eta orduan jakingo dugu zein hirik gainditu duten lehen fase hau.
Donostiako alkate Odon Elorzak, Santiago Eraso Hautagaitzako kultura zuzendariak eta Donostia 2016 bulegoko zuzendari kudeatzaile Eva Salaberriak aurkeztu dute gaur Ministerioan defendatuko duten proiektua. Blanca Urgell Kultura sailburua eta Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua ere izan dira aurkezpenean.
Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Donostia 2016 proiektuaren aukezpena hiru aditz nagusiren inguruan garatuko da: elkarrekin bizi, hitz egin eta bat egin. Gainera, zazpi euskal itsasargik gidatuko dute ''Donostia 2016'' hautagaitza Europako kultura hiriburu izateko bidean, ibili beharreko ibilbide hori argituz. Itsargi bakoitzak Gipuzkoako hiriburuaren kultur proiektuak lantzen duen gaietako bat irudikatuko du. Horrela, Biarritzeko itsasargia Biodibertsitatearen itsasargia izango da; Sokoakoa, Hizkuntzen eta Lengoaien itsasargia; Higerko itsasargia (Hondarribia), Mugaz Haraindiko Eurohiriarena; Platakoa (Pasaia), Ezagutza Partekatuaren itsasargia; Santa Clara Irlako itsasargia, Bizikidetzarena; Igeldokoa, Bizitza Solidario eta Osasuntsuaren itsasargia, eta Zumaiako itsasargia, Naturaren eta Hirigintzarena.
Beste proposamen batzuk ere bilduko dituzte proiektu horretan, besteak beste Europa mailako danborrada, tailer artistikoak, guda eta bakearen inguruko erakusketak, ''Alizia lurralde miresgarrian'' lana lengoia berriekin lantzeko proposamena, euskarazko eskolak, zinemagileekin topateak eta itsasoaren inguruko batzar zientifikoak.