kultura
Azaroaren 26an
´Black Friday'-aren aurrean, Bilbok bat egin du 'Fair Saturday'-rekin
Agentziak | Erredakzioa
Mugimendu horretan parte hartzen duen ekitaldi kultural bakoitzak eskuratzen duen etekinen zati bat erakundeek edota artistek aukeratutako proiektu sozial bati ematen zaie.
Astelehen honetan, urriak 24, “Fair Saturday” mugimendu kulturalaren bigarren edizioa aurkeztu dute Bilbon. Aurten azaroaren 26an izango da mundua arte eta kulturaren bitartez aldatzeko eguna.
“Fair Saturday” (Larunbat Justua) elkartasunaren eguna da eta mugimendu horretan parte hartzen duen ekitaldi kultural bakoitzak eskuratzen duen etekinen zati bat erakundeek edota artistek aukeratutako proiektu sozial bati ematen zaie. Iazko datuak kontuan izanda, aurten 150.000 eta 200.000 euro bitartean biltzea espero dute antolatzaileek.
Mugimendu horretan parte hartzen duten erakundeen artean Bilbao Guggenheim Museoa, FNAC, La Caixa, Arriaga Antzokia, ABAO-OLBE edota Euskadiko Orkesta Sinfonikoa daude. Horrez gain, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes instituzionala dauka “Fair Saturday”-k.
Beste alde batetik, Ken Zazpi, Doctor Deseo eta Zea Mays bezalako taldeek euren babesa adierazi dute.
“Artea eta kulturaz aritzen diren pertsonek, euren sormenen bitartez mundua eraldatzeko gaitasun handienetakoa dutenak dira. Gizarteak lan hori baloratu eta bultzatu beharko luke”, adierazi du Jordi Albareda mugimenduaren sortzaileak.
“Fair Saturday” mugimendu kulturalaren helburu nagusietako bat gizartea masiboki mobilizatzea da azaroaren azken larunbatean, “Black Friday” egunaren ondoren.