kultura
10. edizioa
Japoniarako leihoa zabalduko dute Zornotzan, Mangamore jaialdian
eitb.eus
Japoniako kultura, manga eta animea izango dira nagusi Bizkaiko udalerrian, urriaren 7tik 9ra egingo duten jaialdian.
-
Japoniar kultura Zornotza osora helduko da asteburuan
Mangamore jaialdiaren hamargarren edizioak Japoniako kultura Zornotzara eramango du aurten ere. Urriaren 7tik 9ra, jaialdian ehun jarduera baino gehiago egongo dira: ikastaroak, musika emanaldiak, lehiaketak, bideo-jokoak…
Urriaren 7an, esaterako, Areatzako bandak “Dragon Ball”, “Heidi” eta beste telesail batzuetako musika eskainiko du Zornotza Aretoan, 20:00etatik aurrera. Ostiralean bertan, Ruki Chanen kontzertu bat ere egongo da, baita Kamui samurái taldearen ikuskizun bat ere, Tetsuro Shimaguchi “Kill Bill” filmetako koreografoak zuzendua.
Horrez gain, hiru egunean, ipuin-kontalariak, kontzertuak, disko-jartzaileak, 80ko eta 90eko hamarkadetako bideo-jokoak, origamia, Pokémon Go! jokoaren saioak, karate erakustaldiak eta Japoniako jolas tradizionalak egongo dira.
Youtuberrak, gastronomia eta zinema
Mangamoreren edizio honetan, Folagor eta Sara Pecas youtuberrek zaleekin egoteko saioak egingo dituzte larunbatean 11:30ean eta igandean 17:00etan. Bisitariek Japoniako jakiez gozatzeko aukera izango dute, eta Sol Naciente websaila larunbatean aurkeztuko da, 12:00etan, Zornotza Aretoan. Igandean, 13:00etan, “El niño y la bestia” filma ikusi ahalko da.