Itxi

kultura

Lan-gatazka

Guggenheim Museoak hiru hezitzaile eta orientatzaile kontratatuko ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Manpower Group azpikontratako langileek proposamena baztertu dute, subrogazioa bermatzen ez duelako, eta, beraz, mobilizazioekin jarraituko dutela berretsi dute.

  • Manpower Group azpikontratako langileek zazpi greba egin dituzte jada. Argazkia: EITB

    Manpower Group azpikontratako langileek zazpi greba egin dituzte jada. Argazkia: EITB

Bilboko Guggenheim Museoak iragarri duenez, 2016-2017 kurtsoan bere gain hartuko du hezitzaileen eta orientzaileen zerbitzua, hiru langile kontratatuta.

Egun, zerbitzu hori Manpower Group azpikontratatutako enpresak eskaintzen du. Enpresa horretako 18 behargin ari dira lanean Guggenheim Museoan eta hainbat mobilizazio egin dituzte abuztuan, tartean zazpi greba, euren lan-baldintzen alde.

Langileek ohar baten bidez jakinarazi dute ez dutela onartzen Guggenheim Museoaren alternatiba, “lanpostuak suntsitzea ekarriko duelako”.

“Museoak ez du inolako bermerik eskaintzen, subrogazioa aitortzen ez duelako eta hori da, hain zuzen ere, gatazka honen gakoa; beraz, mobilizazioekin jarraituko dugu eta ez dugu baztertzen borroka horretan urrats bat gehiago ematea”, azpimarratu dute. Astearte honetan zortzigarren lanuztea egingo dute.

Manpower enpresak Guggenheim Museoarekin 2014an sinatu zuen kontratua datorren irailaren 30ean bukatuko da eta, ondorioz, beste konkurtso publiko bat egin beharko litzateke.

Alabaina, Guggenheim Museoak gaur jakinarazi du ez duela esleipen berririk egingo eta irailaren 30etik bere gain hartuko duela hezitzaileen zerbitzua, hiru langile kontratatuta.