Itxi

kultura

Zinea

Guillermo del Torok 'The Hobbit' proiektua bertan behera utzi du

Erredakzioa

"Nire bizitzako erabakirik gogorrena da", adierazi du zinemagile mexikarrak. MGM produktorak dituen diru arazoak direla eta filmazioa hainbat alditan atzeratu dutelako utzi du proiektua zuzendariak.

Guillermo del Toro zine zuzendari mexikarrak The Hobbit filmaren errealizazioa bertan behera utzi du filmazioa hainbat alditan atzeratu dute eta. Metro Goldwyn Mayer (MGM) produktorak dituen arazo ekonomikoak dira horren arrazoia.

Zinemagileak berak Sarearen bidez iragarri duenez, bere bizitzako "erabakirik zailena da". "Bi urtean zehar Tolkieren Lurralde Ertaina bezalako mundu aberatsa bizi, arnastu eta diseinatu ostean, atsekabe handiz, filme zoragarri horiek zuzentzearen lana utzi behar dut", adierazi du del Torok.

Proiektua 2012ko abenduan eta 2013ko amaieran estreinatuko dituzten bi filmetan gauzatzeko asmoa dute.

Zuzendaria duela urtebete baino gehiago Zelanda Berrira joan zen bizitzera bere familia eramanda proiektua aurrera ateratzeko. Hala ere, bi filmeen gidoiekin lanean jarraituko du Peter Jacksonekin, Fran Walshekin eta Phillippa Boyensekin batera.

Metro Goldwyn Mayer egoera kritikoan dago 3.700 milioi dolar zor dituela eta estudioa bizirik mantentzeko kosteak murriztu nahi dituzte.

"Gidoilari eta zine zuzendari bezala zorterik onena opa diot produkzioari eta amaitutako produktua ikusteko ilarako lehenengoa izango naiz zineman", adierazi du del Torok.

The Hobbit osatzen duten bi filmeak Tolkien-en izen berdineko eleberriaren moldaketa da eta istorioan The Lord of the Ringsen aurreko atala da. Protagonista Bilbo Baggins da, Peter Jacksonen filmetan Ian Holmek antzeztu zuen bere papera.

The Lord of the Rings-en hiru filmeek 3.000 milioi dolar lortu zituzten takillan 2001 eta 2003 artean. Hirugarren atalak, gainera, 11 Oscar irabazi zituen.