kultura
telebista
Zumaiak 'Game of Thrones'-en planen berri emango du astearte honetan
eitb.eus
Udalak prentsaurrekoa deitu du, telesail ospetsuaren filmatze planak baieztatzeko.
-
Zumaiako flyscha eta 'Game of Thrones'en logoa; Udalak egindako muntaia. zumaia.eus
Zumaiako Udalak prentsaurrekoa deitu du astearte honetarako (uztailak 19), "Game of Thrones" telesailari buruzko informazioa emateko. Horrenbestez, segur aski baieztatu egingo du dagoeneko sekretua ez dena: HBO telebista kateak herri gipuzkoarrean filmatzea erabaki duela.
"Hainbeste zurrumurruren ostean, bihar, uztailak 19, jakingo da azkenean telesail arrakastatsu honek dituen planen berri", azaldu du Udalak, prentsa ohar batean.
Duela bi aste, Gara egunkariak aurreratu zuen Fresco Film Service HBOren ekoiztetxeak Zumaia eta bertako flyscha hautatu dituela hurrengo denboraldirako hainbat eszena filmatzeko, eta baieztapen ofiziala aurki helduko zela. Azkenean, astearte honetan hel liteke.
PRENTSAURREKOA - RUEDA PRENSA (2016/7/19 · 9:00 · en @TalasoZelai)#JuegoDeTronos en #Zumaia-n. pic.twitter.com/V53If4C0TR
— Zumaiako Udala (@ZumaiakoUdala) 18 de julio de 2016
Hori horrela, ez da lehen aldia izango "Game of Thrones" Euskal Herrian filmatuko dena, iaz Bardean egin baitzuten, irailaren 20tik 25era. Besteak beste, Emilia Clarke (Daenerys Targaryen) aktorea izan zen bertan.
Bardeako Parke Naturalaren inguruko herrietan 300dik gora pertsona, telesailaren talde teknikokoak, filmatzea hasi baino lehen hartu zituzten.
Filmatzeko lanak ikusmin handia piztu zuen bertako herritarren artean. Bardean gertatu bezala, telesailean agertu ostean Zumaiara turista gehiago etortzea espero da.