Itxi

kultura

Donostiako Udala

Benito Lertxundik Adarra Saria jaso du

EITB.EUS

Orioko musikariaren 50 urteko 'ibilbide luzea' nabarmendu du Adarra Sariko epaimahaiak.

  • Benito Lertxundi, Adarra Saria eskuan. EiTB

    Benito Lertxundi, Adarra Saria eskuan. EiTB

Benito Lertxundik (Orio, 1942) Donostiako Udalaren Adarra Saria jaso du astearte honetan. Euskal musikaren alorrean jarduten duen artista baten ibilbidea eta lana aitortzeko sortu zuen saria Udalak duela bi urte, eta aurten Orioko musikaria omentzea erabaki du haren "musika-ibilbide luzeagatik" eta "konpositore gisa egin duen lan apartagatik".

Aurrez, Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak jaso dute golardoa. Donostia Kulturak ohar baten bidez zabaldu duenez, Lertxundi nabarmentzeko erabakia "aho batez" hartu du epaimahaiak. Hainbat arrazoi aipatu dituzte. Lehenik, bere "musika-ibilbide luzeagatik", garai eta gizarte eta kultur egoera oso ezberdinetan garaitu baitu. Bigarrenik, "konpositore gisa egin duen lan apartagatik"; izan ere, haren kanta asko eta asko daude dagoeneko herri-kantutegian. Bere kanten oinarri egin dituen "gai herrikoi eta tradizionalak" ere aipatu ditu epaimahaiak, baita "Euskal Herritik kanpora eta nazioartean duen sona" ere.

Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, saria pozez hartu duela adierazi du Orioko bardoak. Bere hitzetan, "sari bat ematen didaten bakoitzean beti akordatzen naiz jarraitzaileekin, eurek asko pozten direlako".

Hain justu, Musikaren Nazioarteko Eguna dela eman diote saria, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sarrerak aspaldi agortu ziren. Golardoa jaso ondoren, kontzertua eskaini du Lertxundik. Hitzordua atseginez hartuko zuela adierazi zuen Orioko musikariak, "aspaldi" ez baitzuen Gipuzkoako hiriburuan jo: "Aitzakia polita da kontzertu bat emateko, badut gogoa".

Orioko musikariaren "ibilbide luzea" nabarmendu du Adarra Sariko epaimahaiak. Kontzertuetan hainbat belaunalditako pertsonak daudela ikusteak "atentzioa" ematen diola aitortu du Lertxundik, "historiaren argazkia" ematen dio, nolabait.

Lertxundik 50 urte daramatza oholtza gainean, eta Oroimenaren oraina diskoa aurkezten dabil azkenaldian.

Saria Marijose Recalde artista nafarraren eskultura bat da. Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio.