Itxi

kultura

Elkarrizketa

Ylenia Baglietto: 'Nork bere barnean bilatzea da aktorearen lana'

Natxo Velez | eitb.eus

Glu Glu antzerki konpainiak “De cuerpo presente” komedia taularatuko du Bilbon, BBK Aretoan, hilaren 10 eta 11n. Ylenia Baglietto antzezlaneko aktorearekin hitz egin dugu.

  • Bi antzezlan taularatuko ditu Bagliettok asteburuan. Argazkia: Mikel Martínez.

    Bi antzezlan taularatuko ditu Bagliettok asteburuan. Argazkia: Mikel Martínez.

Agurraren unean, hilberrientzat denak izaten dira loreak, benetakoak (koroetan iltzatuta) eta metaforikoak. Izan ere, hildakoan, bizitzan zehar ereindakoaren eta bizitzaren hondarrean jasotakoaren arteko oreka apurtzen da gehienetan, beilan daudenen ahotan bederen, amaiera gozagarriak atsegin baititugu: ?Ez zegoen bera bezalakorik?, ?onenak joaten dira beti? eta abar. Konbentzimendu horrekin joaten da, seguru asko, gehienetan, defuntua, etorriko diren hitz gozoak dastatuz.

Vicente Jimenezek, ?De cuerpo presente? Gorka Aginagaldek eta Galder Perezek idatzi eta azken horrek zuzendutako antzezlaneko protagonistak, aitzitik, emazte ohia, semea, arreba eta egungo emaztea uste duten baino askoz urriagoa den senipartearen bila trapu zaharrak haizatzen ikusiko ditu hildakoak bertatik bertara, bere gorpua bertan dela.

Denak lotzen dituen ardatza hil eta gero egindako bilera horrek, gainera, ezusteko bat baino gehiago utziko du agerian komedia arinak aurrera egin ahala.

Guk Ylenia Baglietto antzeztaldeko kidearekin hitz egin dugu, besteak beste, lan honetaz, hilaren 10 eta 11n Bilboko BBK Aretoan egingo dituzte funtzioez, zuzenduko duen antzezlan berriaz eta otsailean jaso zuen aktore berri onenaren Ercilla sariaz.

?De cuerpo presente? agertokietara itzuli da, biraren lehen zatia bukatu eta hilabete batzuetara. Zelakoa izan da Rosita Monroe pertsonaiarekin berriz aurkitzea?

Gogoz hartu dut. Maite dudan pertsonaia da, eta, aurrekoan bira luzea egin genuenez, denbora nahikoa izan nuen pertsonaiari gustua harrapatzeko. Gainera, oso pozik nago, asteburu honetako emanaldia Bilbon izango delako eta familia eta lagunak etorriko direlako. Batzuetan, antzezkizunak herrietan izaten direnean eta, zailagoa izaten da etortzea, baina oraingoan hor izango ditut.

Ylenia Baglietto

Rosita Monroe da Baglietto, "De cuerpo presente" lanean

Heriotza ikuspegi komikotik erakusten du lanak?

Bai, jendeak barre egin eta disfrutatu egin nahi izaten du, eta antzerkiak horretarako balio du. Hori izaten da, beraz, Glu Gluren helburua: jendeari algara eragin eta, horrela, arazoak ahaztea.

?De cuerpo presente?n, buelta eman diogu, esaterako, heriotza ikusteko moduari. Era triste batean, samintasunez, begiratu ohi zaio heriotzari, eta guk, berriz, ikuspuntu komikoa eman diogu.

Beraz, ikusleak barre egitea da antzezlanaren helburua?

Bai, batez ere hori da: lasai egoteko eta algara eragiteko unea bilatzen dugu. Istorioan, ikuslea herentziaren atzetik dagoenarekin ere identifikatuko da, familia askotan gertatzen baitira halakoak, baina gure helburu nagusia barrea eragitea da.

?Zorte handia izaten ari naiz?

Bestalde, aktore berri onenaren Ercilla saria jaso zenuen otsailean, ?La Gaviota? Txekhoven lanean Ninarena egitearren, oso paper ezberdina zinez. Zelan bizi ditu aktore batek horrelako erregistro aldaketak?

Nire ustez, aktoreon lana geure barnean bilatzea da, eta batzuetan dramara joan behar izaten da, Txekhoven lanetan bezala, eta beste batzuetan komediara. Gustavo Tambascio izan zen ?Kaioa?ren bertsio horren zuzendaria, eta asko lagundu zidan pertsonaia osatzen, baita lankideek ere.

Ni neu oso pozik nago aukera ezberdin horiek edukitzeagatik; izan ere, beste aktore batzuk genero batean bakarrik ibiltzen dira, eta ni zorte handia izaten ari naiz lanbide honetan, mota askotako pertsonaia asko egiten ari bainaiz. Horrek ikasteko aukera ematen dizu.

Nolakoa izan zen saria jasotzeko unea?

Horrelakorik sekula ez da espero izaten: zuk zeure lana egiten duzu, baina ez duzu sarietan pentsatzen.

Dena den, ekitaldia oso hunkigarria izan zen: familia eta lagunak inguruan eduki nituen? Oso urduri egon nintzen, prestatu nuen guztia esan nahi nuelako (lortu egin nuen, azkenean), eta negar ere egin nuen. Eskertzekoa da horrelako sari bat jasotzea, noski.

Eta orain, ikusi dugunez, aktore lanarekin nahikoa ez eta antzezlanak zuzentzen ere hasi zara?

Bai, lehenengo aldia da. ?Mi última noche inestable? deitzen da prestatzen ari garen lana, eta Izaskun Fernandez da protagonista. Bakarrizketa komiko musikala da, drama puntuak ere badituena, eta piano eta gitarra musika ere badauka , zuzenean.

Ostiralean estreinatuko dugu, 21:00etan, Pabellon 6 espazioan.

Han! Lana pilatuko zaizu asteburuan Bilbon, orduan: ?De cuerpo presente? BBK Aretoan eta ?Mi última noche inestable? Pabellon 6en?

Bai! Batetik bestera joan beharko naiz!

Ylenia Baglietto Argazkia: Mikel Martínez

Argazkia: Mikel Martínez

Zinema (?Tres mentiras?, ?Ocho apellidos catalanes??), antzerkia (?La Gaviota?, ?La viuda alegre?, ?Cabaret Chihuahua??) eta telebista (?Goenkale?) egin eta gero, hiruren artean aukera egin beharko bazenu?

Ezingo nuke! Denak! Aktorearen lana horixe da, denetarik egitea, eta, zorionez hiruretan aritzeko zortea izan dudanez, ezin naiz batekin geratu. Bakoitzetik zerbait ateratzen duzu beti.

Eta orain, zer duzu esku artean?

Glu Glurekin, umeentzako musikal bat prestatzen ari gara, ?Mari Kixkur?, eta ?Desoxirribonucleico? komedia ere egingo dugu hurrengo denboraldirako.

Bestalde, udan film bat egingo dut Blogmedia bilbotar ekoiztetxearekin: ?La higuera de los bastardos?, Ana Murugarren zuzendariarena. Ramiro Pinilla idazlearen lanean oinarrituta egongo da.

Bukatzeko, aukeratu mesedez?

Azkenaldian ikusi eta gustatu zaizun antzezlan bat: ?La llamada? ikusi nuen Madrilen, eta asko gustatu zitzaidan.

Film bat: ?Cabaret?

Aktore bat: Marion Cotillard eta Javier Bardem esango ditut.

Gustuko duzun zinemagile bat, berarekin lan egin nahiko zenukeena: Woody Allen.

Antzoki gogokoena: Arriaga.