kultura
Oliteko jauregia
Vianako Printzearen Saria 'ondraturik' jaso du Ignacio Arangurenek
Agentziak | Erredakzioa
Villoslada Institutuaren antzerki tailerreko sortzaile eta zuzendariak Nafarroako antzerki mundu guztiarekin partekatu nahi izan du “bihotzez”.
Ignacio Aranguren Gallues Villoslada Institutuaren antzerki tailerreko sortzaile eta zuzendariak Vianako Printzearen Saria jaso du gaur. Aranguren “oso ondraturik” agertu da eta saria Nafarroako antzerki mundu guztiarekin partekatu nahi izan du “bihotzez”.
Hala, Nafarroako antzerkia goraipatu nahi izan du Arangurenek, “profesionala zein ez profesionala, gehiegitan zeharbide arriskutsuetan egindakoa delako, baina beti atseginez eta askatasunean”.
Era berean, saria irakasleekin partitu nahi izan du, “eskolak amaitzen dituzten bakoitzean txalorik jasotzen ez dutelako, bakarrik txirrina jotzen die”.
Olite jauregian, aurrenekoz
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak eman dio Arangureni saria. Ekitaldia lehen aldiz Oliteko Jauregian egin dute, Vianako lehen printzearen egoitzan. Carlos de Trastamara eta Evreux bertan bizi ziren. Bere garaian Europako gaztelu luxuzkoena zen.
Espainiako errege-erreginak ez dute sari-banaketan parte hartu, Nafarroako Gobernuak gonbidatu ez dituelako.
Arangurenek “publiko kritiko bat eratzen” lagundu duela goraipatu du Barkosek. “Arte dramatikoarenganako zaletasuna erein” duela erantsi du. Presidentearen ahotan, “kulturako sustapenaren paradigma da”.
Vianako Printzeak lehen aldiz antzerkia saritu duela nabarmendu du presidenteak. “Antzerkia agertokian jartzen du, nahiz eta zailtasunak izan Nafarroako antzerkiaren profesionalak apustu sendoa egiten ari direlako, baita amateurrak ere, eta publiko eta gizarte bezala eskertzen dizuegu, bizi ahal izateko antzerkia behar dugulako”, azpimarratu du agintariak.