kultura
Donostiako Udala
Benito Lertxundiri emango diote 2016ko Adarra Saria
Eider Garaikoetxea | EITB.eUS
Orioko Bardoak pozez hartu du golardoa, batez ere "jarraitzaileengatik, asko pozten direlako", aitortu dio Euskadi Irratiari.
-
Lertxundi, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuenean. EiTB
Benito Lertxundik (Orio, 1942) jasoko du aurten Donostiako Udalaren Adarra Saria. Euskal musikaren alorrean jarduten duen artista baten ibilbidea eta lana aitortzeko sortu zuen saria Udalak duela bi urte, eta 2016an Orioko musikaria omentzea erabaki du haren "musika-ibilbide luzeagatik" eta "konpositore gisa gin duen lan apartagatik".
Aurrez, Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak jaso zuten golardoa. Donostia Kulturak ohar batean jakinarazi duenez, Lertxundi nabarmentzeko erabakia "aho batez" hartu du epaimahaiak. Hainbat arrazoi aipatu dituzte. Lehenik, bere "musika-ibilbide luzeagatik", garai eta gizarte eta kultur egoera oso ezberdinetan garaitu baitu. Bigarrenik, "konpositore gisa egin duen lan apartagatik"; izan ere, haren kanta asko eta asko daude dagoeneko herri-kantutegian. Bere kanten oinarri egin dituen "gai herrikoi eta tradizionalak" ere aipatu ditu epaimahaiak, baita "Euskal Herritik kanpora eta nazioartean duen sona" ere.
Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, saria pozez hartu duela adierazi du Orioko Bardoak. Haren hitzetan, "sari bat ematen didaten bakoitzean beti akordatzen naiz jarraitzaileekin, eurek asko pozten direlako".
Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo dute sari banaketa. Ondoren, kontzertua eskainiko du Lertxundik, bere taldeko musikariak ondoan dituela. Hitzordua atseginez hartuko duela esan du Orioko musikariak, "aspaldi" ez baitu Gipuzkoako hiriburuan jo: "Aitzakia polita da kontzertu bat emateko, badut gogoa".
Orioko musikariaren "ibilbide luzea" nabarmendu nahi izan du Adarra Sariko epaimahaiak. Kontzertuetan hainbat belaunalditako pertsonak daudela ikusteak "atentzioa" ematen diola aitortu du Lertxundik, "historiaren argazkia" ematen dio, nolabait.
Lertxundik 50 urte daramatza oholtza gainean, eta "Oroimenaren Oraina" diskoa aurkezten dabil azkenaldian.
Adarra saria Marijose Recalde artista nafarraren eskultura bat da. Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio.