Albisteak
Asteburuan
'Olatu Talka' jaialdia, Donostia kulturaz bustitzen
Erredakzioa
Musika, antzerkia, dantza, argazkilaritza eta teknologia berriak dira Gipuzkoako lehen 'selfmade' jaialdiko osagaiak.
Asteburu osoan zehar Donostia 2016 Hautagaitza babesteko aukera berria izango dute donostiarrek, Olatu Talka izeneko jaialdian. Kultura eta partehartzea dira gaurtik apirilaren 25era bitartean Gipuzkoako hiriburuan egingo den lehen lehen selfmade jaialdiaren oinarriak. Donostia 2016 hautagaitzaren bulegoak antolatuta, ''''hiritarren kultur energiaz'''' osatutako festibala da hau, eta egun horietan ''''energiaz beteriko 69 hitzorduz'''' busti nahi dute hiria.
Hiritarren eta kultur agente ezberdinen proposamenak jasotzeko deialdia egin zuten joan den otsailean. Helburua eskemak apurtu eta ohiko ekintzetatik urruntzen diren jarduerak bultzatzea izan da, hiritarren egunerokotasunetik etorritakoak betiere. Jasotako proposamenekin osatu dute programa. Bertan musika, antzerkia, dantza, argazkilaritza eta teknologia berriak dira osagai nagusiak. Hiritarren parte-hartzea da ekimen honen oinarria.
Polinesiako dantzak, capoeira eta sanba saioak, minusbaliotasunen bat duten laguntzeko dantza, hip-hopa eta arean marrazteko artea dira programatutako ekimenetako batzuk. Gainera, Open Mic musika-guneak zabalduko dituzte, norberaren musika hirian zabaldu ahal izateko.
Tabakalera eraikineko ateak ere zabalik izango dira egun hauetan, eraberritze lanak hasi aurretik bertako espazioetako irudiak jaso nahi dituztenentzat. Ondoren, irudi horien hautaketa bat proiektatutako dute, maiatzean.
Mila ahotsekin osatutako kontzertua, koruak, musika eskolak eta jatorri ezberdinetako kantariak izango ditugu entzungai (tartean Donostiako Orfeoia eta La Oreja de Van Gogh taldea). Jaialdia kontzertu berezi batekin itxi nahi dute, eta bertan 400 instrumentista eta 1.000 ahotsetik gora bildu nahi dituzte. Europar Batasuneko ereserkia, Alaitasunaren oda, 3 hizkuntzatan kantatzea da helburua. Jarraian Mikel Laboaren ''Txoriak Txori'' kanta ere izango da entzungai.