Albisteak
Hiritarren proposamenekin
Osatzen doa 'Olatu Talka', Donostiako lehen 'selfmade' jaialdia
Erredakzioa
Joan den otsailetik 100 ideia baino gehiago jaso dituzte 2016ko Hautagaitzaren bulegoan. Horiekin ''energiaz beteriko 69 hitzordu'' egingo dira apirilaren 23an, 24an eta 25ean Gipuzkoko hiriburuan.
Olatu Talka kultur jaialdiaren programa osatzen doa. Donostiako lehen selfmade jaialdia da Olatu talka, ''''hiritarren kultur energiaz'''' osatutako festibala, alegia. Apirilaren 23tik 25era bitartean egingo da Gipuzkoako hiriburuan, 2016ko Hautagaitzak bultzatuta. Egun horietan ''''energiaz beteriko 69 hitzorduz'''' busti nahi dute hiria.
Horretarako deialdia egin zuten joan den otsailean, hiritarren eta kultur agente ezberdinen proposamenak jasotzeko. Helburua eskemak apurtu eta ohiko ekintzatetik urruntzen diren jarduerak bultzatzea da, hiritarren egunerokotasunetik etorritakoak betiere.
Deialdia zabaldu zutenetik 100 ideia baino gehiago bildu dituzte, eta hasi dira egun horietako programaren zirriborroa osatzen. Jaialdia kontzertu batekin itxi nahi dute, eta bertan 400 instrumentista eta 1.000 ahotsetik gora bildu nahi dituzte. Europar Batasuneko ereserkia, Alaitasunaren oda, 3 hizkuntzatan kantatzea da helburua. Hiriko 14 dantza-eskolek ikuskizuna egingo dute, eta nahi duenak mikrofonoa hartzeko aukera izango du Speaker´s corner ipuinak kontatzeko txokoan. Hiriko toki ezberdinetan, gainera, Open Mic musika-guneak zabalduko dituzte, norberaren musika hirian zabaldu ahal izateko.
Egitaraua oraindik itxi gabe dago eta antolakuntzak ez du baztertu jasotako proposamen bakar bat ere. Ideiak 2016ko Hautagaitzari helarazi behar zaizkio, info@sansebastian2016.eu posta elektronikoan, 943 48 33 44 telefonoan eta sansebastian2016.eu web gunean.