Itxi

kultura

euskaldun bat Flandesko operan

Ikusten ez den inurri lana

M. B. | EITB.EUS

Atrezzo taldearen lana ikusezina da ikuslearentzat. Ikusezina, baina eszenari sinesgarritasuna emateko ezinbestekoa. Gidoiaren menpe, opera lanak errealitatez janzten ditu Naiara Beisteguik.

  • Naiara Beistegui bilbotarra, Flandesko operan, lanean Argazkia: eitb.eus

    Naiara Beistegui bilbotarra, Flandesko operan, lanean Argazkia: eitb.eus

Duela hamabost urte sartu zen opera baten barrenean. Eta begiak adi-adi egotera entrenatuta egonda, ez zitzaion zaila egin besteek ikusten ez dutena ikustea. Hamaika piezek osatzen dute opera ikuskizun bat; asko, agerikoak, baina beste asko ohartezinak, koadroan ia ezin sumatuzkoa den orban baten modukoak. Objektu horiek lortzea edo sortzea da bere lana, eta horretan aritu da Kanarietako, Oviedoko, Anberesko eta Ganteko opera antzokietan.

Atrezzoa arte eszenikoen profesio guztietatik apalena, nabarmentzen ez dena da. Halere, interpreteen lanean eta ikus-entzuleen emozioetan eragin handia du oso: antzezpenerako tresneria behar dute abeslariek eta antzezpena ulertzeko, sinesteko eta sentitzeko objektuak behar dituzte ikusleek: "Askotan esaten dugu ahaztutako artistak garela, gure lana ikusten ez bada, ondo atera den seinale delako".

Wagnerrek zioenez, 'erabatekoa, artelanik borobilena' da opera, baina, hala izanda ere, gutxiengo bati erakartzen dion genero musikaltzat hartzen da gaur ere. Kanarietako eta Oviedoko opera antzokietan lan egin ondoren, oso bestelako operarekin egin du topo bizkaitarrak Anberesko eta Ganteko opera antzokietan (Vlaamse Opera); opera urratzailea, tradizioarekin hausten duena. "Opera mota asko daude. Hemengo publikoak era guztietako proposamenak onartzen ditu. 'The Damnation of Faust' lanean Terry Gilliam aktore eta zuzendari ezagunarekin ?Monty Python talde umoristikoko kidea da- lan egin nuen, estu. Oso esperientzia bitxia izan zen, opera azkarra eta diferentea izan zen".

Vlaamse Opera bi antzoki dituen enpresa erraldoia da: 200 lagun ari dira lanean eta 8-10 opera ekoizten ditu urtean. Duela urtebete, gainera, baletak eta operak bat egin dute eta Opera 'Vlaanderen Ballet Vlanderen' sortu da. "Beste herrialde batzuek hemen programatzen dituzten lanez gain, koprodukzioak eta ekoizpen propioak egiten ditugu. Gehienak alemaniarrak dira", nabarmendu du.

Efektu bereziak

Atrezzo taldea entseguetan hasieratik egoten da, "oso garrantzitsua delako dokumentazio lana eta zuzendariak zer nahi duen ulertzea. Entseguak egiteko aretoan gaudela, talde teknikoak eszenatokia eraikitzen du. Entseguak eszenatokian egiten ditugu gero", azaldu du.

Pianoaren soinupean egiten dira lehen entseguak: "Eszenan izango diren mugimenduak ikasteko unea da eta atrezzoa balekoa den ikustekoa. Efektu bereziak egin behar ditugunean, esaterako, oso garrantzitsua da hasieratik entseguetan izatea. Odolarekin lan handia egitea tokatu zait, hemen askotan erabiltzen den elementua delako. Erabiliko dugun odola aproposa den ikusten dugu, ikusleek besaulkietatik ondo ikusiko duten, jantzietatik erraz kentzen den?".

Naiara opera Belgica

'Akenatón'

Ekoizpen propioa denenean, aste askotako lana behar izaten du Naiarak. Joan den denboraldiko obrarik arrakastatsuenetakoa 'Akenaton' izan zen. Nigel Loweryren zuzendaritzapean eta Phillip Glassen musikarekin, Walter Van Beirendonck artista ezagunaren jantziak erakutsi zituen opera lan horrek. Beirendoncken beraren enkarguz bitxi bilduma bat egin zuen Naiarak, publikoak txalotu zuena.

Naiara opera Belgica

Naiara opera Belgica

'Tristan and Isolde' (Stfe lernous)

Sortze prozesua artisau-lana da. Naiarak eta bere taldeak gorpu bat egin zuten 'Tristan and Isolde' operan erakusteko. Bi lankide 'erabili' zituzten horretarako: "Biltegian lan egiten duen lankide bat molde batean sartu genuen; biluzik. Astebetera moldeko gorpua atera eta silikonarekin indartu genuen. Beste astebete eman genuen gorpua pintatzen eta ileak banan banan ipintzen. Burua egiteko beste hainbeste; beste lankide baten laguntza izan genuen", kontatzen du irribarre batekin. Zuzendariak astebeteko hilotza nahi zuen, eta gorpuari ahalik eta errealismo handiena emateko, kriminologo bati egin zion kontsulta.

Naiara opera Belgica

Naiara opera Belgica

'Rumor'

Guy Joostenen zuzendaritzapean eta Christian Jost musikagilearen agindutara aritu zen 'Rumor' opera kontzeptualean.

Naiara opera Belgica

'Khovanshchina' (David Alden)

Naiara opera Belgica

'The Damnation of Faust'

English National Operaren koprodukzio honetan, Terry Gilliam zuzendari eta aktorearen agindutara izan da bilbotarra.

 

Orain, jantziak diseinatzera

Ikusten ez den inurri lana egiten urteak eman ondoren, opera lanetan oso ikusgarria izaten diren jantziak egitera jauzi egingo du Naiarak. Astor Piazzollaren 'Maria de Buenos Aires' opera laneko jantziak egingo ditu, hain zuzen: "2016an antzeztuko da, Luxenburgon. Oso erronka handia eta interesgarria da. Sortze prozesuan gaude, buru-belarri", aurreratu du.

Argazki galeria: Naiara Beisteguik Anberesko eta Ganteko opera antzokietan egindako lanen argazkiak.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Albisteak