kultura
Heriotza
Antton Zubikarai kazetaria eta Athleticen ereserkiaren egilea hil da
eitb.eus
Zubikarai musika kritikaria ere bazen. 70 urte zituela zendu da. Ereserki zuri-gorria 1983ko martxoaren 30ean jarri zuten aurrenekoz San Mamesen, Bartzelonaren aurkako Kopa norgehiagokaren atarian.
-
Antton Zubikarai kazetari eta musika kritikaria. Argazkia: Athletic Club
Antton Zubikarai kazetari eta musika kritikaria 70 urte zituela hil da gaur, Athleticek jakitera eman duenez. Besteak beste, talde zuri-gorriaren ereserkia egin zuen Zubikaraik.
‘Aliron’en aurreneko konpasak eta Athleticen historiarekin erlazionatutako ‘Aupa Gaztiak’ bezalako kalejiren letrak idatzi zituen. Jose de Olaizolak eta Feliciano Beobidek musika konposatu zuten, Carmelo Bernaolaren moldaketekin.
Ereserki zuri-gorria 1983ko martxoaren 30ean jarri zuten aurrenekoz San Mamesen, Bartzelonaren aurkako Kopa norgehiagokaren atarian, Athleticek Las Palmasen 1982-1983 Liga irabazi baino hilabete bat lehenago.
Apaiz-bokazioa laga zuen kazetari eta irakasle izateko
Juan Antonio Zubikarai Ondarroan (Bizkaia) jaio zen 1945ean. Herriko eskolan ikasi ondoren, Derioko Apaiztegian sartu zen, baina apaiz-bokazioa laster baztertu zuen Iruñean kazetaritza ikasteko.
Lizentziatu eta Madrilera joatea erabaki zuen. Kazetari bezala lan egiteaz gain, musika eta dantzaren ezagueran aurrera egin zuen (Musika Kontserbatorioko Ballet Klasikoaren Katedran lagundu zuen).
1997an Bilbora itzuli zen. Kazetari eta musika kritikari gisa lan egin zuen Deia egunkarian. Denboraldi batean irakaslea izan zen EHUko Komunikazio Zientzien Fakultatean, Leioan.
Era berean, Juan de Antxieta CEMeko irakaslea izan zen hainbat urtez. Jesus Arambarri Udal Kontserbatorioko eta Musikeneko irakaslea ere izan zen, baina denbora tarte laburrago batean.
Gainera, BOS, ABAO, Musika Hamabostaldia, Ziortzako jaialdia edo Euskaldunako organo zikloarentzako dozenaka nota idatzi zituen. Madrileko San Fernando Arte Ederretako akademiaren kide izan da.