kultura
317.775 bisitari
Guggenheim Bilbao Museoak inoizko udarik onena izan du
agentziak | erredakzioa
Abuztuaren 4an hartu zituen bisita gehien, 7.816 bisitari jaso baitzituen; uztailean eta abuztuan, batez beste, 5.125 bisitari hartu ditu egunean.
Guggenheim Bilbao Museoak inoiz baino bisita gehiago izan ditu 2015eko udan, uztailean eta abuztuan 317.775 bisitari hartu baititu; 2014ko udan baino 37.688 gehiago.
Uztaila hilabete ona izan da (144.639 bisita), eta abuztua museoaren historiako onenen artean bigarrena izan da, 173.136 bisitari jaso baititu, museo bilbotarrak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.
Udako bisitariak hainbat lekutakoak izan dira. Bisitarien % 69 Estatutik kanpokoak izan dira; bereziki frantziarrak (% 17) hartu ditu, baina Erresuma Batuko (% 8), Alemaniako, Herbehereetako eta Italiako (% 7) bisitariak ere izan dira.
Abuztuaren 4an hartu zituen bisita gehien, 7.816 ikusle, eta uztailean eta abuztuan batez beste 5.125 bisita hartu ditu egunean.
Hori horrela, orotara, abuztuaren 31ra arte, 757.595 bisitari izan dira aurten Guggenheim Bilbao Museoan; 2014an epe berean baino %8 gehiago eta 2013an baino % 17 gehiago.
Museoko arduradunen arabera, egungo bi artista gailenen (Koons eta Basquiat) erakusketek bisitari asko erakarri dituzte.
'Jeff Koons: atzera begirakoa', 'Jean-Michel Basquiat: Bada garaia' eta 'Shazia Sikander: Parallax' ikus-entzunezko lana irailaren 27a arte, azaroaren 1a arte eta azaroaren 22a arte izango dira ikusgai, hurrenez hurren.