kultura
Getxophoto
Abdouren bidaia faltsuaren oinatzak, hausnarketarako akuilu
Natxo Velez | eitb.eus
Getxophoto argazki jaialdiak emigratzaile batek Dakarretik Europara egindako bidaia faltsua kontatu du Instagrameko kontu batean, aktore bat erabiliz, “hausnarketa sustatzeko”.
#happy #bigday #nopainnogain #smail #positivity #beyourbestself, #friends, #timetoshine, #photooftheday, #beach... Etiketa –hastag deitzea cool-agoa da, agian- horiek eta gisa horretakoak hitzetik hortzera, teklaturik teklatura, ibiltzen dira Instagramen, Twitterren eta bestelako sare sozialetan, jeneralean ondoan argazki txatxu samarrak dituztela: oinak hondartzako hareatan; hondartza ondoko tabernetan zerbitzatutako mojito urtuak eta horien abar (fruta zatiak, paperezko eguzkitakoak, dozenaka lasto...) guztiak; lagun taldea musika jaialdi batean, atzean arreta eskean ari den musika taldea duela...
Hala ere, abdoudiouf1993 Instagrameko profilak sare sozialaren erabiltzaileen eta bazter guztietako hainbat kazetariren arreta bereganatu du azkenaldian, etiketa horiek erabiliz. Han, Abdou Diouf izeneko gizon batek Afrikako jaioterritik Espainiara arteko bidaia faltsu baten argazkiak igo ditu duela bi astetik.
Volga bartzelonar ekoiztetxeak Getxophoto jaialdiarentzat eginiko proiektu bat dago kontu misteriotsuaren atzean, Katalunian hiru aktore ez-profesionalekin eginiko kanpaina bat. Bi astez, halabeharrez herrialdetik alde egin beharrean den gizaseme malurus baten zoritxarreko bidaia baten geltokien irudi faltsuez elikatu dute profila: etxetiko irteera, Marokorainoko zeharkaldia, ihesaldiak, mafiekiko harremana eta, azkenik, Espainiarako helduera eta bere burua atzerritarrentzako zentro batean giltzapetuta ikusi… Ohiko eszenak errealitatean, guztiak ere.
Proiektuaren benetako izaera Instagrameko profilaren azken publikazioan azaldu zieten jarraitzaileei (12.500 dira egun), eta, Getxophototik azaldu dutenez, egitasmoaren helburua “bidaiarien edo bidaien ezaugarrien arabera irudiak hartu eta zabaltzeko ditugun moduei buruzko hausnarketa piztea” zen. Hori eta gehiago jarri dute agerian: nork bere buruaren argazkiak egiteko ohituraren sakralizazioa eta garena erakusten dugun horretara mugatzeko joera moderno etsigarriaren argi-ilunak bai, behinik behin.
Getxophotoren kanpainak munduko hedabide handienetako batzuk jarri ditu bidaiak ardatz hartuta irailaren 3tik urriaren 4ra Bizkaiko herrian egingo duten jaialdiari begira: Time-k, Huffington Post-ek, Liberation-ek, La Repubblica-k, The Independent-ek eta Al Jazeerak jorratu dituzte joankin faltsuaren inguruko kanpainaren nondik norakoak, besteak beste.
Christian Caujolle jaialdiaren komisarioaren hitzetan, “batetik bestera joatea aukeratu ez duten bidaiariei begiratuko die jaialdiak, harat-honata behartuta egin dutenei. Emigratzaileak eta diktaduretatik, gatazken izugarrikerietatik, hondamendi ekologiko eta ekonomikoetatik ihesi ari diren errefuxiatuak”,
Abdouren bidaia faltsuak, helmugara heltzeko barik ihes egiteko eginiko ibilaldiak (bidaiak horretxetarako egiten direla esan zuen Unamunok), sare sozialen erabiltzaileak eta kazetariak xaxatzeko balioko zuen gutxienez. Balioko ahal du norbait zirikatzeko ez ezik mugitzeko ere.