Itxi

kultura

Saria

Vianako Printzearen Saria, Ramon Andres idazle eta musikologoarentzat

Agentziak | Erredakzioa

Kulturaren Nafar Kontseiluak Andresek musikaren, saiakeraren eta poesiaren arloetan eginiko “lan eskerga” azpimarratu du.

Ramon Andres literaturgile eta musikologoa proposatu du Kulturaren Nafar Kontseiluak 2015eko Vianako Printzearen Saria irabazteko, Foru Gobernuak gaur iragarri duenez; Andresek kulturaren hainbat esparrutan eginiko “lan eskerga” azpimarratu dute.

Sariarekin batera 25.000 euroko diru ekarpena dagokio Ramon Andresi (Iruñea, 1955), behin Nafarroako Gobernuak saria berresten duenean. Andres musikaren, saiakeraren, poesiaren eta liburu edizioaren esparruetan jardun da.

Nerabezaroan Bartzelonara aldatu aurretik, Iruñean bizi izan zen Andres, eta gerora bilduma, liburu eta aldizkariak bultzatu ditu, kantatu eta musikari buruzko lanak kaleratu ditu, saiakerari eta poesiari buruzko lanak ondu ditu eta itzulpenak ere egin ditu.

Beste zortzi hautagaitza zeuden: Alfredo Floristan Historia Modernoko katedradun eta historia-ikertzailea; Jose Maria Goicoechea Aizcorbe konposatzailea; Justo Balda Lacunza arabista, afrikanista eta islamologoa; Ramon Macias Mora arkitekto eta tauromakian zein musikan aditua; Santiago Montobbio de Balanzo poeta; Cesar Oroz marrazkilari eta umorista; Pello Salaburu Euskal Filologian aditua; eta Jaime Siles Ruiz Latindar Filologiako katedradun eta poeta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Viana albisteak