Itxi

kultura

‘La mirada del otro’

Langraiz Bidea Eibarrera helduko da antzerkiaren eskutik

Natxo Velez | eitb.eus

‘La mirada del otro’ antzezlanak ETAko kide ohiek eta indarkeriaren biktimek Langraiz Bidearen kariaz 2011n egindako topaketak taularatzen ditu. Gaur, ostirala, estreinatuko dute, Eibarren.

0:40

Bi mahai eta hiru aulki, La mirada del otro osatzen duen hirukiko alde bakoitzarentzat bat; biktima, biktimarioa eta bitartekaria dira elkarrizketan eta hausnarketan pausatutako triangeluaren erpinak. Agertokian beste edozein elementu paratzera, ikuslearen arreta hitzetik desbideratuko litzateke, hemen ere, bizitzan bezala, gakoa den osagaitik.

La mirada del otro lanak euskal gatazkari begiratzen dio, eta agertokira eramaten ditu Langraiz Bidearen haritik ETAko kide ohi espetxeratuek, taldearen biktima zuzen edota zeharkakoek eta bitartekariek izan zituzten topaketak.

Maria San Miguelek eta Chani Martinek idatzi eta azken horrek zuzendu du La mirada del otro (Proyecto 43-2 konpainia), eta gaur, apirilak 24, estreinatuko da, ostiralarekin, Eibarko Coliseo antzokian. Gipuzkoar herriko espazioaren agertokiaren gainean, mahai eta aulki horiek Ruth Cabeza, Pablo Rodriguez eta Maria San Miguel aktoreek beteko dituzte; horiek dira gehienbat Langraizko kartzelan gauzatu ziren elkarrizketei, mintzaldiei, eusten dieten zutabeak.

Konpainiaren arabera, “topaketa baten istorioa” da lana, “prestatzen hasten direnetik gauzatu egiten den arte”, eta muzin egin dio bere burua “dokumental” edo “antzezlan politiko” gisa definitzeari. “Gizabanakoak gaindiezina gainditzeko egiten duen borroka du hizpide: begiak besteren begien aurrean pausatu, eta, hitzen bidez, mina lekuratu ahal izatea”, azaldu du Chani Martinek.

Euskadiri buruzko trilogia

La mirada del otro Euskadiri, memoria kolektiboari eta hurkoarekiko elkarbizitzari buruz Proyecto 43-2k sorturiko trilogiaren bigarren zatia da”. Konpainia “izaera pedagogiko nabarmeneko ekimen artistikoa” da, arduradunen hitzetan, eta “joera ideologikoen eta Euskadin beroriek ordezkatu dituzten edo ordezkatzen dituzten pertsonen arteko adiskidetzea” du oinarri.

Bigarren zati hau, gaur Eibarren estreinatuko dutena, ehuntzeko, “dokumentazio prozesu handia” egin dute: dokumental bat ekoitzi eta topaketen benetako protagonistak elkarrizketatu dituzte: Txema Urkijio, Maixabel Lasa, Jaime Arrese, Carmen Hernández, Iñaki García Arrizabalaga, Fernando de Luis Astarloa, Esther Pascual, Xabier Etxebarria, Mercedes Gallizo, Mónica Ceberio…

Sarrerak

Ikuskizunerako sarrerak 8 euroan daude salgai.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar
  • Antzerkia