kultura
Maiatzaren 31n
Arriaga Antzokiak gala berezi bat egingo du 125. urteurrena ospatzeko
N.V, | eitb.eus
Antzokiko oihala 1890eko maiatzaren 31n altxatu zen lehenengoz, “La Gioconda” Ponchielliren opera emateko. 125. urteurreneko gala ezustekoz beterik egongo da.
1890eko maiatzaren 31n, 20:00etan, altxatu zen lehen aldiz Arriaga Antzokiko oihala, eta ikus-entzuleek Arriaga izena jarri zioten berehala, antzokia hartzen zuen plazaren izenarengatik, metonimiaz; plazak, noski, Juan Crisostomo Arriaga musikari bilbotar handiaren omenez du izen hori, eta gau hartan ikus-entzuleek La Gioconda Amilcare Ponchielliren opera ikusi ahal izan zuten.
125 urte geroago, maiatzaren 31 batez ostera ere, Arriaga Antzokiak gala berezia antolatu du, eta, antzokiaren arduradunek esan dutenez, agertoki gainean "gure eszenan oso ezagunak diren artista ugari, horietako batzuk nazioartean ere ospe handia dutenak", bilduko dituzte. Horien artean, abeslariak, antzezleak, lirikako izen handiak, dantzako maisuak, idazleak eta beste egongo dira.
Ekitaldian, artistek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte, eta batzuk, gainera, ikuskizun bereziak prestatzen ari dira ospakizun horretarako.
Halaber, kultura alorreko pertsona ezagunek Arriaga Antzokia omendu eta aintzatespena adierazteko grabatu dituzten zorion mezuak jasotzen dituzten bideoak ere emango dira.
Ekitaldia Emilio Sagik, Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko eta azken urteetako bultzatzaile nagusietakoak, gidatuko du, eta Gurutze Beitia eta Enriqueta Vega antzezleak arituko dira berarekin batera.
Sarrerak, 10 euroan
Galarako sarrerak apirilaren 27an jarriko dituzte salgai, 10 euroko prezio bakarrean. Ohiko bideetatik erosi ahalko dira: antzokiaren webgunea, 946 850 850 telefono zenbakia eta leihatilak.
Inaugurazio eguneko esku-orria