kultura
Kultur hiriburua
Donostia 2016k programazioko 30 jarduera aurkeztu ditu
Natxo Velez | eitb.eus
Proiektuaren lan ildo nagusiak eta 30 jarduera zehaztu ditu Donostia 2016ko lantaldeak txosten batean. 2016ko egitarauaren zehaztapen ia osoa udazkenean argitaratuko dute.
-
Dance 2gether ekimena egingo dute Donostia 2016n, besteak beste.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren lantaldeak proiektuaren ildo nagusiak azaltzen dituen eta hiriburutza urteari begira prestatu dituen 30 jarduera zehazten dituen argitalpena banatuko du lurraldeko hainbat kioskotan, apirilaren 16an.
Idatzi horretan, proiektuaren filosofiaren gaineko azalpen zabala irakurri ahalko dute herritarrek, hala nola hiria "pertsonen arteko sare gisa" erakusten duen pentsamoldearen nondik norakoak eta "itsasargiak", hiriburutzaren programazioaren ardatzak, zer diren.
Izan ere, Donostia 2016ko programazioa hiru "itsasargi" edo arlo tematikotan banatuta egongo da: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsen Itsasargia. Lehenengoak "bakea eta errespetua" sustatzeko jarduerak bultzatuko ditu; bigarrenak gizartearen eguneroko bizitza hobetzearekin lotutako ekintzak hartzen ditu bere gain; eta hirugarrenak, Ahotsen Itsasargiak, azkenik, adierazpen artistikoek emozioa, hausnarketa eta besteenganako loturak sortzeko duten balioa jarriko du agerian.
Herritarrei begira, hiria aldatzeko bost helburu jarri dizkiote beren buruari Donostia 2016 hiriburutzaren arduradunek, eta "kaiak" izenarekin bataiatu dituzte erronka horiek, itsasoarekin lotutako terminologiari eutsiz. Bestelab kaia herritarrek erabakiak hartzeko laborategia izango da; Hirikia kaiak teknologia berrien integrazioa sendotuko du; Hazitegiak izenekoak sortzaileak eta audientzia elkarri hurbilduko dizkio; 284 + kaiak euskarari begiratuko dio; eta Pagadi kaiak jarduera artistiko garaikideei buruz pentsamendu kritikoa lantzeko bitartekoak jarriko ditu.
30 jarduera
Auzoz auzo proiektua aurkezteko eginiko agerraldi sortan, 2016an hiria hartuko duten jardueretako batzuk aurkeztu zituzten DSS2016EUkoek, eta txosten honetan beste batzuk ere zehaztu dituzte, 30 guztira.
Bakearen Itsasargiaren inguruan antolatutako ekintzek, besteak beste, giza eskubideak eta elkarbizitza izango dituzte hizpide, eta hainbat adierazpide erabiliko dituzte horiek gauzatzeko: antzerkia, zuzeneko musika, instalazioa, dantza…
Bakearen irudikapenari buruz Europan inoiz egin den erakusketarik handiena Donostian egongo da ikusgai, gerraren aurkako musika jaialdia egingo dute, hiriko hormak grafitiz apaindu…
Bizitzaren Itsasargiaren inguruan bildutako ekintzetan, adibidez, geografia, feminismoa, hirigintza eta ongizatea izango dira protagonista, eta denetariko jarduerak izango dira: Hirikilabs teknologia herritarren zerbitzura jartzeko laborategia, ligodromoa, ondare ekologikoa hobeto ezagutze aldera diseinatutako ibilbideak…
Ahotsen Itsasargiak, azkenik, hamaika adierazpen artistiko erabiliko ditu, arteak komunikatzeko, galderak egiteko eta hunkitzeko balio dutela aldarrikatzeko. Edukiontzi tematiko honen kariaz ere, hamaika jarduera izango dira Gipuzkoako hiriburuan eta beste hainbat lekutan: Europako Musika Eskolen Elkartearen musika jaialdia, Uda-gau bateko ametsa Shakespeareren lanaren antzezkizunak Cristina Enea parkean, txotxongiloen jaialdia, ahozko kultura eta inprobisatzaileen Europako topagunea…