kultura
Izen aldaketa
Bilboko alondegiak 'Azkuna Zentroa' izena hartu du
Erredakzioa
Kultur eta aisialdirako Bilboko zentroak izen hori hartuko du gaurtik aurrera, Iñaki Azkuna duela ia urtebete hildako alkatearen omenez.
Iñaki Azkuna Bilboko alkate zenaren heriotzaren urteurrena izateko lau egun gelditzen diren honetan, Bizkaiko hiriburuko udalbatzak eta Alhondiga Bilbaoren administrazio kontseiluak kirol eta kultur gunearen izen aldaketa ofizialdu dute gaur. Aurrerantzean, “Azkuna Zentroa” izango da eraikinaren izena.
Ibon Areso Bilboko alkateak zentroko atarian, Azkuna zena Alondegiaren beraren eskailera batzuetan erakusten zuen irudi baten azpian, egindako ekitaldian esan duenez, ekitaldi honekin Azkunaren heriotzaren ostean hartutako konpromisoa bete du, “haren agintaldi luze eta emankorraren mugarri adierazgarri bati haren izena jarrita”.
“Azkunarentzat ez zegoen kulturaren katedral bihurtutako alondegi zahar hau baino toki esanguratsu eta maiteagorik; haren agintaldiko harribitxietako bat da”, esan du alkateak.
Philippe Starck frantziarrak diseinatu zuen Azkuna Zentroa, Ricardo Bastidak Bizkaiko hiriburuko ardandegi zaharra hartzeko 1909an altxatu zuen eraikinean. 2010eko maiatzaren 18an inauguratu zuen Iñaki Azkunak, bederatzi urteko lanen ostean, 71 milioi euroko inbertsioa eginda.
“Azkuna Zentroa” izena eraikinean, webgunean, aldizkarian eta zentroaren komunikazio elementu guztietan agertuko da.
Otsailaren 26an onartu zuen Bilboko Udalak izen aldaketa, osoko bilkuran. EAJk eta PSE-EEk “Azkuna Zentroa” izendapenaren aldeko boza eman zuten, PP abstenitu egin zen eta EH Bilduk aurkako botoa eman zuen.
otoa eman zuen.