Itxi

kultura

Hamar hilabete falta dira

DSS2016k programazioaren lehen edukiak aurreratuko dizkie herritarrei

Erredakzioa

2016 Guneak eta hiriko auzoek DSS2016EU proiektua herritarrei ezagutzera emateko eta programazioaren lehen ildoak aurreratzeko ekitaldi irekiak hartuko dituzte martxotik aurrera.

2016. urtea hasteko hamar hilabete falta diren honetan, Donostia 2016ko lantaldeak herritarrei zuzendutako hainbat ekitaldi antolatu ditu proiektua zertan datzan azaltzeko eta programazioaren lehen aurrerapen bat eskaintzeko. Lehen aurkezpen-multzo hau (oraingoz bost izango dira) martxoan izango da 2016 Gunean eta hiriko hainbat auzotako kultur etxeetan.

Aurkezpen publikoen egutegia kultur proiektua hedatzeko eta komunikatzeko ariketaren baitan kokatu dute, dagoeneko ia prest baitago proiektua, eta, hortaz, iritsi da unea DSS2016EU proiektua herritarrekin partekatzeko.

Aurkezpen-saioetan, taldeak proiektuaren hainbat alderdi azalduko ditu: orain arte egindako bidea, kultur proiektuaren egitura, abian diren edo laster abian jarriko diren hamabi proiekturen aurrerapena, eta Hiriburutzaren urtea abiatu arte aurreikusitako gertakizun nagusiak.

DSS2016EUren lantaldeak prestatutako agendan, bost saio zehaztu dituzte jada datorren hamabostaldian egiteko. Bost bilkura horietatik bi 2016 Gunean izango dira eta gainerako hirurak hiriko auzoetan:

Ostirala, martxoaren 6a (18:30): Lugaritz K.E. (Antigua).

Larunbata, martxoaren 7a (12:00): 2016 Gunea.

Asteartea, martxoaren 10a (18:30): Tomasene K.E. (Altza).

Ostirala, martxoaren 13a (18:30): Ernest Lluch K.E. (Amara).

Astelehena, martxoaren 16a (18:30): 2016 Gunea.

Ordu eta laurden inguru iraungo duten saio hauek elebidunak izango dira, eta aldibereko itzulpena edukiko dute. Gainera, keinuen hizkuntzara egokituta ere egongo dira.

Herritarrekin egingo diren bilkura horiek lehen urratsa baizik ez dira izango, hainbat eremu geografikotan eta gizarteko hainbat sektoretan proiektua hedatu eta jakinarazteko prozesu zabalagoa baitago aurreikusita.

Bestalde, martxotik aurrera, Donostia 2016ren lantaldeak elkartze espezifikoagoak, formatu txikiagokoak egingo ditu gizarteko sektore zehatzekin.