kultura
Euskadiko Liburutegi Digitala
3.000 liburu digitaletik gora, EAEko liburutegi publikoetan irakurgai
Erredakzioa
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide guztiek (530.000 baino gehiago) liburu digitalak maileguan hartu ahalko dituzte gaurdanik. Ekimen aitzindaria da Estatuan.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten 250 udal liburutegietako erabiltzaileek 3.000 liburu digitaletik gora hartu ahalko dituzte maileguan gaurtik aurrera, Euskadiko Liburutegi Digitala martxan baitago.
Erabiltzaileek liburutegira jo behar dute, eta eLiburutegian alta eskatu; liburuak on line maileguan hartzeko plataforma honetara sartzeko erabiltzaile izena eta pasahitza emango diote bertan. EAEko udal liburutegi guztiek osatzen dute sarea, Donostia, Bilbo eta Santurtzikoek izan ezik. 2015 urtean zehar sartuko dira sarean hiru horiek.
Pasahitzak jaso ondoren, irakurlea eLiburutegia plataforman sar daiteke, eta maileguan hartutako liburuak irakurtzen hasi. E-liburutegiaren maileguen iraupena 21 egunekoa izango da, eta erabiltzaile batek bi liburu mailegatu ahal izango ditu aldi berean, baita bi erreserba egin ere. Mailegatutako liburua 6 gailutan eta 6 ordenagailutan egon daiteke eskuragarri aldi berean.
Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri izango den mailegu zerbitzu hau bi motatakoa izango da: liburuak deskargatzekoa eta streamingean irakurtzekoa.
Lehenengo era horretan egiten dutenek aukeratutako liburu digitala bere gailura jaitsi dezakete (pc, ordenagailu eramangarria, tableta, smartphone-a edo e-booka), eta 21 egun izango dituzte irakurtzeko. Artxibo honek kopiak egitea galarazten duen babesa du. Behin deskarga egindakoan, ez da Interneterako konexiorik behar liburua irakurtzeko.
Streamingera jotzen dutenek Liburuklik atarian irakurri ahalko dute, 21 egunez, baina ez dute artxiborik deskargatuko (gailu guztietan irakur daiteke, e-bookean ezik). Aukeratutako irakurgaia Sarean egongo da, eta erabiltzaileak hara jo beharko du hura irakurtzeko. Irakurtzeko, Interneterako konexioa beharko da.
Euskadiko eta Estatuko argitaletxe nagusiek proiektuan parte hartzen dute, eta eLiburutegiaren katalogoan euren tituluak ipiniko dituzte. Urte amaierarako, 3.000 titulutik gora izango dira mailegatzeko moduan.
2014an Eusko Jaurlaritzak 60.000 euro bideratu ditu liburuak mailegatzeko aukera ematen duen plataforma digitala garatzeko (plataforma teknologiko propioa), eta beste 270.000 euro liburu digitalen lizentziak erosteko. 2015ean berrz, erabiltzaileek 15.000 titulutik gorako katalogoa izango dute eskura, lizentzia eta titulu berriak erosten jarraituko baitu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.