Itxi

kultura

Oposizioaren aurkako botoekin

Jabetza Intelektualaren Legearen erreforma onartu du Kongresuak

Erredakzioa

Espainiako Gobernuak Legea aldatu nahi du, "urgentziaz", eta Interneteko albiste-biltzaileak edukiok argitaratzen dituzten hedabideei ordainsaria ematera behartuko ditu testu berrian, besteak beste.

Espainiako Diputatuen Kongresuko Kultura Batzordeak Jabetza Intelektualaren Legea aldatzea eta Senatura bidaltzea onartu du, PPren aldeko botoekin. PSOE, CiU, PNV, UPyD, Izquierda Plural, Amaiur eta ERC alderdiek aurkako botoa eman dute.

Gaur, asteartea, ezohiko batzarra egin dute lege horren inguruko zuzenketak eztabaidatzeko. Gobernuaren testuari aurkeztutako 169 zuzenketetatik, PPk aurkeztutako bederatzi soilik onartu dituzte, eta araudi berria irailean edo urrian jarriko da martxan.

Espainiako Gobernuak "premiazko" lege aldaketa bat egin du Jabetza Intelektualaren Legean, legeria Europak 2011n eta 2012n ezarritako bi zuzentarauri egokitzeko, eta Kultura Batzordetik bideratu ditu. Horren aurrean, Interneten aldeko Plataforma kritiko agertu da, "osoko bilkuraren bidez barik batzordearen bidez kudeatuta ez delako eztabaida publikorik egingo Interneteko ekonomia garapenarentzat eta askatasunarentzat ezinbestekoa den lege baten prozesuan".

Jose Ignacio Wert buru duen ministeriotik jakinarazi dutenez, bi ekinalditan gauzatuko da lege aldaketa. Hortaz, Kongresuan ez ezik, Senatuan ere aldaketak egingo dituzte.

Dena den, Mariano Rajoyren Gobernuak datorren urtean erreforma “sakonagoa” egin nahi duela iragarri du Jose Ignacio Wert ministroak, Europako erakundeek jabetza intelektualaren inguruko zuzentaraua onartzen dutenerako.

Gaur eztabaidatu duten lehen aldaketa honek, halere, “Google tasa” abian jarriko du: sareko albiste-biltzaileek (Google News, Meneame...) eduki horiek argitaratu dituzten hedabideei ordainsaria ematea. Neurri horrek hautsak harrotu ditu sektorean.

Maila politikoan, PSOEk eta CiU tasa hori kazetari eta argazkilariei ere ordaintzea proposatu dute, eta Izquierda Unidak eta UPyDk ez aplikatzeko eskatu dute, Kongresuan Gobernuaren egitasmoari jarritako 162 zuzenketetan irakur daitekeenez.

Legearen bidea

Araudia Ministroen Kontseiluan onartu zuten, otsailaren 14an, eta apirilean egin zuten haren inguruko eztabaida Kongresuan. Orduko hartan, PPk, UPNk eta Foro Asturiasek oposizioaren (PSOE, Izquierda Plura, UPyD, ERC, BNG eta Amaiur) eskaerak baztertu zituzten; legea errefusatu eta Gobernuari itzultzea eskatu zuten alderdiok. CiU eta EAJ abstenitu egin ziren.

Wertek eztabaida horretan esan zuenez, legeak jabetza intelektualaren eskubideak “hobeto” babestuko ditu esparru digitalean izango dituen mehatxuetatik, eta “kopia pribatuaren kontzeptuari berriztatuko da”.

Gainera, legez kanpoko kopien aurka borrokatzeko baliabide gehiago emango dituela adierazi zuen Wert ministroak, izan ere “eduki ez-zilegiak erakusten dituztenak ez ezik, sistematikoki, onura ekonomikoa lortzeko asmoz eta jakitun direla, eduki ez-zilegietarako sarbide ordenatu eta sailkatua ematen dutena ere zigortuko ditu”.

30.000 eta 300.000 euro arteko isunak egongo dira legea hausten dutenentzat. Bestalde, kontrakoek beste bi alde salatu dituzte: Kongresuan ezein adituk hitz egin ez izana eta sektorearen oniritzi gabe aurrera egin izana.