kultura
ERREAKZIOAK
Agur literatura magikoaren aitari
Erredakzioa
Munduko agintari politikoek eta kultura munduak Gabriel Garcia Marquez ‘letren iraultzaile handia' ekarri dute gogora.
-
1982an eskuratu zuen Nobel Saria Argazkia: Efe
Munduko Estatuburu eta gobernuburuek, gizarteko ordezkariek eta letra munduak, denek ekarri dute gogora Gabriel Garcia Marquez errealismo magikoaren sortzailea. Samina eta atsekabea erakutsi dute guztiek, eta idazle kolonbiarra 'letren iraultzailea' izan zela ekarri dute gogora.
"Mila urteko bakardadea eta samina garai guztietako kolonbiarrik handienaren heriotzagatik", idatzi du Juan Manuel Santos presidente kolonbiarrak Twitterren duen kontu ofizialean.
Telebista publikoan egin duen adierazpenean, Marquez idazlearen eta Marquez gizonaren dohainak goraipatu ditu Santosek.
Hiru eguneko dolu nazionala deitu du presidente kolonbiarrak, eta herrialdeko erakunde publikoei bandera masta erdian jartzeko eskatu die 1982an Literaturaren Nobel Saria jaso zuen idazle handiaren omenez.
Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak ere (Mexikon bizi zen Marquez) "literaturak inoiz eman duen idazle handienetakoa" ekarri du gogora, eta "bere literaturarekin Latinoamerikako errealismo magikoa unibertsal" egin zuela nabarmendu du.
" 'Gabo' joan zaigu. Urteetako bakardadea izango dugu, baina bere lanak utzi dizkigu eta bere aberriarekiko zuen maitasuna (..)", esan du Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak.
"Latinoamerikak eta munduak faltan botako dute ameslari handi hau", adierazi du Ollanta Humala presidente perutarrak.
Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak, berriz, Marquezen "pertsonaia bitxiak eta bere Latinoamerika" aipatu ditu, "idazlearen milioika jarraitzaileen oroimenean iltzatuta geldituko direnak".
Barack Obama presidente estatubatuarrak txikitatik gogokoen izan duen idazleetako bat dela aitortu du, eta "munduak idazle handi bat" galdu duela nabarmendu du Etxe Zuriak Twitterren duen kontu ofizialean.
Kubarekin harreman estua izan zuen Marquezek, eta Fidel Castrok ere gogoan izan du bere laguna: "Latinoamerikako kultura saminduta dago", esan du.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen esanetan, "Ameriketako aro berrian bere aztarna utzi du. Kazetaritza sortzailearen belaunaldiko kide izan zen, eta herriak zoriontasunerako duen eskubidearekiko konpromisoa erakutsi zuen".
'Garcia Marquez maisua'
Latinoamerikako presidente ohiek ere hitz ederrak izan dituzte Marquez gogoratzeko: "Marquez maisua, eskerrik asko. Munduan milioika herritar gure herriarekin maitemindu ziren zure hitzei esker", esan du Alvaro Uribek.
"'Ehun urte bakardadean' irakurri nuenetik harrituta gelditu nintzen haren idazkerarekin. Gure gizateriaren mina eta zoriona harrapatu zituen", esan du Bill Clintonek.
Sebastián Piñera presidente ohi txiletarrak , bestalde, Marquezen obra eta haren izaera ekarri ditu gogora.
Kulturaren agurra
"Bere lanekin, gure hizkuntzan egindako literaturari ospe eta zabalkunde handia eman zion idazle handia hil da", adierazi du Vargas Llosa idazleak.
"Gabriel García Marquez hil da. Borgesekin batera XX. mendeko gaztelaniazko narratzailerik onena", esan du Jorge Volpi idazle mexikarrak.
Paulo Coelho brasildarrak Garcia Marquezen esaldi ezagunenetako bat ekarri du gogora: "Bizitza ez da norberak bizitakoa, norberak oroitzen duena da bizitza, eta oroitzen duen hori nola kontatzen duen".
"Opari eder bat bezala gogoratuko dugu zure bizitza, 'Gabo' maitea. Zaila da zu agurtzea, asko eman baitiguzu. Zu maite eta miretsi zintugun guztion oroimenean geldituko zara", esan du Shakira abeslari kolonbiarrak.
Juanes ere ildo beretik mintzatu da: "Handienetan handiena joan da, baina haren lana gelditzen zaigu. Eskerrik asko Garcia Marquez", esan du.