Itxi

kultura

Kultur politika

Kultur arloan 20 lehentasun ezarri ditu Jaurlaritzak 2014-2015 eperako

Erredakzioa

Joxean Muñoz sailburuordeak Kultura Sailaren programa aurkeztu du gaur, 2014-2015 urteei begira. Lehentasunezko 20 proiektu zehaztu eta aurreikusitako esku-hartzeak eta emaitzak identifikatu dituzte.

  • Joxean Muñoz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea. Argazkia: EiTB.

    Joxean Muñoz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea. Argazkia: EiTB.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Kultura Auzolanean 2014-2015 proposamena aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Kulturaren alorrerako plangintza estrategikoa jasotzen du dokumentuak, "erakundeen arteko akordiotik sortua".

Kazetarien aurrean, planaren ezaugarriak azaldu ditu sailburuordeak: "Kultura Auzolanean proposamenak badu berezitasun bat: gai kopuru mugatu bati heltzen dio, ikuspegi errealista eta pragmatikoa lehenetsiz, aurten bertan aurrerapauso nabarmenak lortzeko helburuz".

Sailak datorren bi urtera kulturaren arloan izango dituen lehentasunak aletu dituen programaren helburuei dagokienez, "erakundeen arteko harremanak maila guztietan indartzea; sinergiak eragiten dituzten ekimenak dinamizatzea; euskarazko edukiak eta zerbitzuak indartzeari lehentasunezko tratua ematen zaiola bermatzea; kultura-sektoreei lagunduta krisialdiari aurre egitea; genero-berdintasuna, gizarte-integrazioa eta kultura-aniztasuna kulturaren eremuan txertatzea, eta kultura-zerbitzuetan eskaintza hobetzea" direla esan du Muñozek.

Dokumentua, "proposamenak jasotzeko irekita"

Kultura eragileek eta gainerako herritarrek Kultura Auzolanean aberas dezakete oraindik, Muñozen hitzetan, proposamenak  eginez: "Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila dagoeneko hasita dago kultura-sektoreetako elkarteekin bilerak izaten, dokumentua azaltzeko", esan du.

Halaber, Kultura Auzolanean txostena Interneten eskuragarri dago. Dokumentua bera eta proiektuak kontsultatu daitezke bertan, baita ekarpenak egin ere. Ekarpenak eta proposamenak egiteko epea hilabetekoa izango da, apirilaren 28ra arte.

Proiektuak

Kultura Auzolanean programa proiektukako funtzionamenduan oinarritzen da, eta 2014-2015 urteen artean garatu beharreko 20 proiektu aurreikusten ditu. Proiektu horietarik zortzi kulturaren sustapenaren ingurukoak dira; sei kultur ondarearen arlokoak, eta beste seiak berriz, zeharkako proiektuak.

Halaber, emaitzei begiratuta ere, bi multzotan banatu dituzte hogei lehentasunak: hamar proiektuk (zerrendan, letra lodiz) 2014an bertan emaitzak eman beharko lituzkete; gainerako hamarrei ere 2014an heldu behar zaie, eta, aurreikuspenen arabera, emaitzak 2015ean izan behar dituzte.

Hauek dira, hain zuzen, proiektuok:

Zeharkako proiektuak

1-Kulturaren Euskal Behatokia indartzea, jakintza erreferente den aldetik

2- Sorkuntza Fabrikak programaren bideragarritasuna, optimizazioa eta garapena

3-Politika fiskalak aztertzea kulturaren esparruan

4-Eredu eta finantzabideen azterketa eta eskaintza (laguntzen eta diru-laguntzen mapa orokorra barne)

5-Kulturklik proiektuaren (euskal kulturaren atari interaktiboa) garapena

6-Kultura-ohiturak eta kultura-kontsumoa sustatzeko proiektua

Kulturaren Sustapena

7-Euskal artearen emanaldiak, komunikazioa eta zabalkunderako bidek hobetzea

8-Teknologia eta formatu berriak ikus-entzunezkoen arloan, negozio-eredu berriak. Zinema euskaraz.

9-Dantza tradizionalaren artxiboa garatzea

10-Dantza Etxeak

11-Digitalizatzea eta eskubideen kudeaketa

12-Musikaren Bulegoa sortzea

13-Antzerkiaren esparruan diru-laguntzen mapa berri bat lantzea

14-SAREA ereduari buruzko hausnarketa estrategikoa eta egungo egoerara egokitzea

Kultura Ondarea

15-Dokumentu Publikoei eta Artxiboei buruzko Legea

16-Euskal Liburutegi Digitala edo elektronikoa. On-line mailegu-plataforma garatzea

17-Euskadiko irakurketa publikoko sarea osatzea

18-Museoen Sarea, zerbitzuak partekatzeko eta lankidetza sustatzeko

19-Kultura Ondareari buruzko Legea berritzea

20-Ondare Ez-materiala Babesteko Plana (inbentarioa). Ondare etnografikoa