kultura
Hizkuntza politika
Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko eztabaida hasi da Asanblean
Erredakzioa
Euroagiriari baiezkoa emateko "Frantziako hizkuntza" frantsesa dela dioen artikulua gehitu behar diote Konstituzioari diputatuek, eta, euskaltzaleen ustez, hori euskararen aurka joango da.
Asteazken honetan hasiko da Frantziako Asanblean Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko eztabaida. Behin betiko ebazpena, legeak egingo duen bidearen helmuga, hilaren 28an iritsiko da.
Konstituzioari 53.3 artikulua gehitu nahi diote lege proposamen horren bidez, 1992ko azaroaren 5eko Hizkuntza Gutxituen Ituna berresten dela esateko. Hala ere, aferaren iturburuan dagoena artikulu horretan esaten diren beste bi gauza dira: hiztun taldeek, talde izateagatik, eskubiderik ez dutela esaten da batetik, eta Administrazioan frantsesa erabiliko dela bestetik.
Euskaltzaleen ustez, bi baieztapen horiek euskararen kalterako izango dira, eta, beraz, berrespen proposamenari ezezkoa ematea eskatu diete diputatuei.
Hilaren 28an jakingo da behin betiko erabakia; izan ere, Asanblearen babesa ez ezik, Senatuaren babesa ere behar du lege egitasmoak. Boto emaileen hiru bostenek eman behar dute aldeko boza Konstituzioa aldatzeko.