kultura
Literatura
Ramon Saizarbitoria, euskal eleberrigintzaren zutabe
Natxo Velez | eitb.com
Euskadi Literatura Sariaren irabazleak mututasunetik mundutasunera lerratu zuen euskal literatura frankismoaren amaieran, 'Egunero hasten delako' lanarekin. Gero, ibilbide funtsezkoa osatu du.
-
Ramon Saizarbitoria. Argazkia: EiTB.
'Martutene' Ramon Saizarbitoriaren lanak merezi du, epaimahaiaren arabera, 2013ko Euskadi Literatura Saria. Hamabi urte geroago, 'Gorde nazazu lurpean' gorpu ehortzien inguruan ehundutako lanak sari berbera bereganatu zuela dozena bat urte pasatu diren honetan, euskal eleberrigintza modernoaren egitura zabalari eusten dion zutabe sendoetako batek jasoko du goraipamena.
Ramon Saizarbitoria Zabaleta Donostian jaio zen 1944. urtean, eta Ekonomia eta Soziologia ikasketak egin zituen, Suitzan. 1969an, Lur argitaletxea sortzeko lan egin zuen, beste hainbat kiderekin batera, eta Oh! Euzkadi aldizkariaren sorreraren ere jardun zuen. Gainera, Jakin, Anaitasuna, Ustela, Pott eta beste aldizkari askotan idatzi du Saizarbitoriak.
'Martutene'
Liburu mardula egin du Saizarbitoriak, ohi bezala, sortze prozesu luze baten ondoren; honako erronkak bederatzi urtez izan du diziplinaz lanean, 766 orriko lanaz erditu den arte. 'Martutene' ez da liburu erraza, ez dagokio literatura errazkeriari, sakona da, eta ahalegina eskatzen dio irakurleari. Bost pertsonaiaren inguruan datza istorioa: Lynn neska amerikarra da pentagonoaren erdigunea, eta, albo banatan, bikote bat agertzen da: Julia itzultzailea eta Martin idazlea, eta Pilar eta Abaitua medikuak. Laukotearen bizimoduak betiko aldatuko ditu estatubatuarraren etorrerak: bide berriak urratzeko aukera emango die.
Pertsonaien bidaia horretan, elementu asko gurutzatuko dira, hala nola aipamen literarioak -'Montauk' Max Frischen lana da nagusia-, errua, ausardia, barkamena, maitasuna, iraganean egindakoaren zama, politika, afektibitatea, jeloskortasuna, herritartasuna... giza harremanak, betiereko gaia. Mundua, errealitatea, fikzioaren bidez azaltzeko, fede onez idatziriko lana da 'Martutene'; eleberri guria, malatsa, da, mami betekoa, betegarririk ez duena, eta, gainera, hari narratiboa nahikoa tenkatuta dago, Saizarbitoriaz ari garela kontuan izanda betiere –"kontatzearen abentura eta ez abenturaren kontaera"–, haren luze-labur osoan.
Euskal eleberrigintza modernoaren hatsarreak
Idatziriko lan bakoitzaren bidez, mugarria ezarri du Saizarbitoriak euskal literaturan. Haren lehen lanean, 'Egunero hasten delako' (1969), modernotasunerako ateak zabaldu zizkion euskal eleberrigintzari, edukian neurri batean, baina, nabarmenago eta behin betiko, forman.
Mamiaren aldaketa lehenagotik zetorren: Saizarbitoriaren lehen nobela atera baino hamabi urte lehenago, Txillardegik euskal eleberri bateko lehen pertsonaia gatazkatsua sortu zuen 'Leturiaren egunkari ezkutua' lanean. Ordura arte istorioaren mesedetan sortutako pertsonaia lauak eta kontabide zurrunak (Txomin Agirreren 'Garoa' eta 'Kresala', 'Peru Abarka'... eta gainerako euskal eleberri arketipikoak) albo batera utzi, eta kezka existentzialistak zituen pertsonaia josi zuen Txillardegik lan horretan, eta modernotasunerako ateak zabaldu zizkion errealismo eta erromantizismoan ez atzera ez aurrera zegoen literaturari. Hala ere, Saizarbitoriak formaren, teknikaren, aldetik ekarri zion modernotasuna euskal kontagintzari, garai hartan abortuaren gaia jorratzeak zuen pisu soziala gorabehera.
'Egunero hasten delako' idazlearen lehen lanean, Frantziako nouveau roman-en oihartzun argiak daude: ez dago pertsonaien deskribapen psikologikorik, istorioaren garapen kronologiko lineala etenda agertzen da, bi planotan banatuta (Giseleren istorioa eta bakarrizketa), ez dago narratzaile orojakilerik ezta toki geografiko identifikagarririk ere, eta suspensea atzendurik agertzen da, kontamoldea istorioko gertakariei gailenduta. Iraultza izan zen garaiko panorama literario zurrunean.
Teknikaren gaineko arreta hori are nabarmenagoa izan zen hurrengo bi eleberrietan: '100 metro' (1976) arrakastatsuan, collage-aren teknika baliatu zuen idazle donostiarrak lana osatzeko. Euskal militante batek, Konstituzio plazan Poliziak tirokatu aurretik, ihesean egiten dituen azken 100 metroak kontatzen ditu, toki eta denbora plano ezberdinak, narratzaile ezberdinak, ikusten ari direnen ahotsak, prentsako albisteak, denbora jauziak, hizkuntza ezberdinak etab. erabiliz. Ohi duenez, anekdota sinple baten inguruan eraikitzen du eleberri konplexu, berritzaile eta aberatsa Saizarbitoriak euskal literaturaren esparruan ibilbide luzeena izan duen istorioetako batean.
Hurrengo lanean, 'Ene Jesus'en (1976), muturrera eraman zuen edukiaren aldean forma lehenesteko joera Saizarbitoriak, teknikaren sublimazioa. Haren lanik konplexuenean, lehorrenean, istorioa ia erabat alboratuta gelditzen da literatur esperimentazioa goresteko.
Bigarren etapa
Hemeretzi urteko isilaldiaren ostean, Saizarbitoriak 1995ean argitaratu zuen hurrengo eleberria: 'Hamaika pauso'. Mutualdi horren ostean, esperantza handiak zeuden donostiarraren lan berrian jarrita, eta ase egin zituen zain zeudenak, lan konplexu, aberats eta biribil dramatikoago honen bidez. Saizarbitoriaren betiereko gaiak agertzen dira lan luzeago (lehen hiru lanak laburrak badira ere, bigarren idazketaldian lan luzeagoak idatzi ditu, oro har) honetan ere: euskal gatazka eta giza harremanak.
Haren ostean, 'Bihotz bi. Gerrako kronikak' lana etorri zen, berriz ere –inoiz baino ageriagoan, gainera, libururako aitzakia den gertakariaren ebazpena hasieran bertan kontatzen baita–abiapuntu duen anekdota gorabehera Saizarbitoriaren estiloan, kontatzeko abenturan, murgiltzeko gonbit berria.
2000. urtean, 'Gorde nazazu lurpean' bilduma lana agertu zen; izan ere, ehorzketetan eta, gorputzetan barik, gorpuetan oinarritutako bost eleberri txikik osatzen dute Euskadi Literatura Saria merezi izan zuen lan kapital hau, eta eleberriaren arloan isilaldi luzea etorri zen gero, 'Martutene' mardularen idazketa prozesuan, biziki gozatzen duen jardunean, murgildu baitzen harrezkero Saizarbitoria.
Aurten euskal literaturak utzi duen uztan, Ramon Saizarbitoria beterano baina modernoaren lana goraipatu du Euskadi Literatura Sariaren epaimahaiak. Behinolako euskal eleberrigintza sorgorra modernotasunera begira jarri zuen idazlearen azken lanak beste mugarri bat ezarri duela uste dute Itxaro Borda buru izan duen epaimahaiko kideek ere.